2 Esparta eta beste zenbait hiritara ere adiskidetasun-gutunak bidali zituen.
3 Jonatanen mezulariek, Erromara heldu eta legebiltzarraren aurrera joanik, esan zuten: «Jonatan apaiz nagusiak eta judu-herriak bidali gaituzte, lehendik beraiekin dituzuen adiskidetasuna eta gudalagun izateko hitzarmena berritzera».
4 Legebiltzarrekoek agiri bat eman zieten mezulari haiei, igaro behar zituzten herrialdeetako agintarientzat, Judeara bakean itzul zitezen.
5 Hona hemen Jonatanek Espartakoei idatzi zien gutunaren kopia:
6 «Jonatan apaiz nagusiak, herri-arduradunek, apaizek eta gainerako juduek Espartako beren senideei, agur!
7 Lehen ere idatzi zion zuen errege Areios-ek gutun bat Onias apaiz nagusiari, gure senide zinetela esanez. Hala ikus daiteke gutun honekin batera bidaltzen dizuegun kopian.
8 Oniasek ongietorri handia egin zion zuen mezulariari, eta gudalagun izateaz eta adiskidetasunaz argi eta garbi mintzo zen gutuna ere hartu zuen.