25 Jonatan Jerusalemdik Hamat herrialderantz abiatu zen haien bila, Judean sartzeko astirik eman gabe.
26 Eta ikertzaileak bidali zituen etsaien kanpalekura. Itzultzean, jakinarazi zioten, gauez erasotzeko prestatzen ari zirela etsaiak.
27 Borrokan hasteko prest, gau guztian erne eta armak eskuetan zituztela egoteko agindu zien Jonatanek ilunabarrean bere gudariei. Eta gudari aurrelariak ipini zituen kanpalekuaren inguruan.
28 Etsaiek, ordea, Jonatan bere gudariekin borrokarako prest zegoela jakitean, izuturik eta beldurrez beterik, suak piztu zituzten beren kanpalekuan eta alde egin.
29 Baina Jonatan eta gudariak ez ziren egunsentia arte ohartu etsaiek ihes egin zutela, su haien distira ikusten baitzuten.
30 Joan zen Jonatan etsaien atzetik, baina ezin izan zituen atzeman, igaroa baitzuten Eleutero ibaia.
31 Orduan, Jonatanek zabdiar izeneko arabiarrei eraso, menderatu eta ondasunak kendu zizkien.