39 Barkatzen dizkizuegu orain arte eginiko huts eta hobenak. Aurrerantzean ez dizuegu eskatuko zor diguzuen koroa, ezta Jerusalemek ordaindu behar lukeen beste zergarik ere.
40 Zuen artekoren batzuk gure gudari-taldean sartzeko gai badira, eman bezate izena eta izan bedi bakea gure artean».
41 Seleukotarren agintealdiko ehun eta hirurogeita hamargarren urtean askatu zen Israel atzerritarren uztarpetik.
42 Handik aurrera, herriak honako data hau idatzi ohi zuen agiri eta hitzarmenetan: «Simon, apaiz nagusi handi, gudalburu eta juduen buruzagiaren lehen urtean».
43 Egun haietan, Gazara hiria inguratu eta setiatu egin zuen Simonek bere gudarostearekin. Zurezko dorre higikorra egin eta, hirira hurbildurik, harresietako dorre bat eraitsi eta hartu egin zuen.
44 Dorre higikorreko gudariak salto egin eta hirian sartu ziren. Hango gizonak, erabat izutuak,
45 harresi gainera igo ziren beren emazte eta seme-alabekin, jantziak urraturik. Eta bakeak egiteko eskatu zioten oihuka Simoni.