45 harresi gainera igo ziren beren emazte eta seme-alabekin, jantziak urraturik. Eta bakeak egiteko eskatu zioten oihuka Simoni.
46 Hau zioten: «Ez gaitzazu hartu gure gaiztakeriak merezi duenaren arabera, zeure errukiaren arabera baizik».
47 Simonek bakeak egin zituen haiekin eta ez zien gehiago eraso. Baina bota egin zituen hiritik eta garbiarazi idolorik zeukaten etxeak. Orduan sartu zen bera hirian, gorazarre eta gorespen-kantu artean.
48 Gauza kutsatu guztiak bota eta legea betetzen zuen jendea sarrarazi zuen hirian. Gero, hiria gotortu eta etxea eraiki zuen beretzat.
49 Etsaiak Jerusalemgo gotorlekuan zeuden kanpora atera ezinik, ez saltzera, ez erostera. Gose handia jasaten ari ziren eta jadanik jende asko goseak hila zen.
50 Haiek ere bakeak egiteko eskatu zioten Simoni, eta honek bakeak egin zituen. Gudariak handik bota eta bertako gauza kutsatuak kenduz, garbitu egin zuen gotorlekua.
51 Ehun eta hirurogeita hamaikagarren urteko bigarren hilaren hogeita hiruan egin zuten han sarrera gorespen-oihu artean, palmadarrez, harpa-, txilin- eta lira-soinuz lagundurik. Gorazarreak eta abestiak kantatuz zihoazen, etsai beldurgarri hura Israeldik bota ahal izan zutelako.