14 Inguratu zuen hiria eta, aldi berean, gudaontziak hurbildu ziren itsasaldetik. Horrela, lehorrez eta itsasoz setiatu zuten, eta ezin zen inor sartu, ez atera.
15 Bitartean, itzuli ziren Erromatik Numenio eta beronen lagunak, zenbait errege eta herrialderentzako gutunak ekarriz. Hau zioten:
16 «Luziok, erromatarren kontsulak, Ptolomeo erregeari, agur!
17 Juduen mandatariak etorri zaizkigu adiskide eta gudalagun bezala. Simon apaiz nagusiak eta judu-herriak igorririk zetozen, lehendik beraiekin genituen adiskidetasuna eta hitzarmena berritzera.
18 Urrezko babeski bat ekarri ziguten, seiehun kilokoa.
19 Horregatik, egoki iruditu zaigu erregeei eta herriei idaztea, juduei inolako kalterik egin ez diezaieten aginduz, ezta erasorik ere haien hiri eta herrialdeari, eta ez diezaietela lagundu haien erasotzaileei.
20 Ekarri diguten babeskia onartzea ere erabaki dugu.