24 Gutun beronen beste kopia bat Simon apaiz nagusiari ere igorri zioten.
25 Bitartean, Antioko erregeak kanpalekua Dora hiriaren inguruetan ezarri zuen eta gudari-taldeak bidaltzen zituen etengabe hiriaren kontra, guda-tramankuluez ere baliatuz. Inguratua zeukan Trifon, eta ezin zen inor atera, ez sartu.
26 Simonek aukerako bi mila gizon bidali zizkion beraren alde borrokatzeko, baita zilarra, urrea eta arma ugari ere.
27 Baina Antiokok ez zituen hartu nahi izan; gainera, aurrez Simoni hitzemandako guztia atzera bota zuen eta beraren kontra jarri.
28 Bere adiskideetariko bat, Atenobio, bidali zion Antiokok Simoni, berarekin hizketatu eta esan ziezaion: «Zuek zeuen menpe hartu dituzue nire erreinukoak diren Jope eta Gazara hiriak eta Jerusalemgo gotorlekua.
29 Hondatu egin dituzue hiri horien lurraldeak, kalte handiak egin dizkiozue nire herrialdeari, eta nire erreinuko herrixka askoren jabe egin zarete.
30 Itzul iezazkidazue, bada, kendu dizkidazuen hiriak, eta ordaindu Judeako mugez kanpora zeuen menpe hartutako herrixkei dagozkien zergak.