9 Eta geure erreinuaz jabetzean, zu zeu, zure herria eta santutegia ohorez beteko zaituztegu, zuen ospea lur osoan entzuna izateraino».
10 Seleukotarren agintealdiko ehun eta hirurogeita hamalaugarren urtean abiatu zen Antioko bere gurasoen herrialderantz. Guda-talde guztiak elkartu zitzaizkion; bakarren batzuk baizik ez ziren gelditu Trifonekin.
11 Orduan, Antiokok Trifon pertsegitzeari ekin zion; baina itsasertzean dagoen Dora hirira joan zen ihesi Trifon,
12 ohartu baitzen aldi txarrak zetozkiola gainera, gudari-taldeek utzi zutenez gero.
13 Orduan, Antiokok Dora aurrean ezarri zuen kanpalekua, ehun eta hogei mila gudari eta zortzi mila zaldunekin.
14 Inguratu zuen hiria eta, aldi berean, gudaontziak hurbildu ziren itsasaldetik. Horrela, lehorrez eta itsasoz setiatu zuten, eta ezin zen inor sartu, ez atera.
15 Bitartean, itzuli ziren Erromatik Numenio eta beronen lagunak, zenbait errege eta herrialderentzako gutunak ekarriz. Hau zioten: