1 Simonen seme Joanek Gazaratik igo eta Kendebeo egiten ari zenaren berri eman zion aitari.
2 Simonek bere bi seme zaharrenei, Judas eta Joani, dei egin eta esan zien: «Nik eta nire anaiek eta gure aitaren senitartekoek gaztetandik eta gaurdaino borrokatu izan ditugu Israelen etsaiak. Eta Jainkoak maiz eman digu Israel gure eskuz salbatzea.
3 Orain zahartua nago; zuek, aldiz, Jainkoaren errukiaz, adinik onenean zaudete. Hartzazue, beraz, nire eta nire anaien tokia. Zoazte gure herriaren alde borrokatzera, eta lagun diezazuela Jainkoak!»
4 Herrialdean oinezko zein zaldizko hogei mila gudari aukeraturik, Kendebeoren kontra abiatu zen Joan. Modin hirian igaro zuten gaua.
5 Biharamun goizean, goiz jaikirik, lautadarantz jo zuten. Eta horra, oinezko eta zaldizko gudari-talde handia zetorkien gainera. Erreka besterik ez zuten tartean.