3 Orain zahartua nago; zuek, aldiz, Jainkoaren errukiaz, adinik onenean zaudete. Hartzazue, beraz, nire eta nire anaien tokia. Zoazte gure herriaren alde borrokatzera, eta lagun diezazuela Jainkoak!»
4 Herrialdean oinezko zein zaldizko hogei mila gudari aukeraturik, Kendebeoren kontra abiatu zen Joan. Modin hirian igaro zuten gaua.
5 Biharamun goizean, goiz jaikirik, lautadarantz jo zuten. Eta horra, oinezko eta zaldizko gudari-talde handia zetorkien gainera. Erreka besterik ez zuten tartean.
6 Joan, bere gudariekin, etsaiaren aurrez aurre jarri zen. Eta bere gizonak erreka igarotzeko beldur zirela oharturik, Joanek berak igaro zuen lehena. Hori ikustean, gizonek ere igaro zuten haren atzetik.
7 Joanek banandu egin zuen bere gudarostea, zalditeria oinezko gudarien artean sartuz, oso ugaria baitzen etsaien zalditeria.
8 Jo zituzten turutak eta garaitu egin zuten Kendebeo, bere gudaroste eta guzti. Asko erori ziren hilzorian, eta bizirik geldituek ihes egin zuten gotorlekurantz.
9 Gudukatze hartan zauritu egin zuten Joanen anaia Judas. Joanek, ordea, pertsegitu egin zituen Kendebeok berreraikia zuen Zedron hiriraino.