26 Legearekiko maiteminetan suturik, antzina Pinhasek Saluren seme Zimriri egina bera egin zuen Matatiasek.
27 Gero, oihu handiz esan zuen hirian barrena: «Legea maite izan eta itunari eutsi nahi diotenak betoz nirekin!»
28 Matatiasek bere semeekin mendira egin zuen ihes, hirian zuen guztia utzirik.
29 Aldi hartan, judu asko, legearekiko leial eta zuzen izan nahirik, basamortura jaitsi zen, bertan bizitzeko asmoz,
30 beren emazte, seme-alaba eta abereekin. Izan ere, zorigaitz gogorra zuten gainean.
31 Jakinarazi zieten erregearen funtzionarioei eta Jerusalemen, Daviden Hirian, bildua zegoen gudarosteari, erregearen agindua bete ez zutenak basamortura joanak zirela leize-zuloetan gordetzera.
32 Orduan, gudari-multzo handi bat haien ondoren abiatu zen, eta aurkitu zituztenean, haien aurrez aurre ezarri zuten kanpalekua eta erasotzeko prestatu ziren. Larunbata zen.