14 esan zuen bere baitan: «Izen handia eta ospea lortuko dut erresuma osoan, erregearen aginduak mespretxatzen dituzten Judasen eta beronen gizonen aurka borrokatuz».
15 Horrela, bada, jentil-talde indartsua berekin zuela, abiatu zen Seron, israeldarren mendekua egiteko asmoz.
16 Bet-Horoneko aldapara hurbiltzen ari zela, bidera atera zitzaion Judas gizatalde txiki batekin.
17 Hauek, nolako gudarostea zetorkien ikustean, esan zioten Judasi:—Nola borrokatuko gara gu, honen gutxi izanik, horrelako jendetza handi eta indartsuaren kontra? Gainera, oso ahulduak gaude, baraurik baikaude egun osoan.
18 Judasek ihardetsi zien:—Erraz eror daiteke jendetza handia gutxi batzuen esku. Berdin baitio Jainkoari askoren nahiz gutxiren bidez salbatu.
19 Borrokan garaipena ez du gudaroste handia izateak ematen, zerutik datorren indarrak baizik.
20 Harrokeriaz eta maltzurkeriaz gainezka datozkigu, gu, gure emazteak eta haurrak hondatu eta gure ondasunez jabetzeko asmoz.