19 Bakidesek, Jerusalemdik alde egin eta Bet-Zait deritzan herrian ezarri zuen kanpalekua. Han, berarengandik ihes eginiko asko eta herri hartako zenbait harrapatu, lepoa moztu eta hango osin handira bota zituen.
20 Gero, eskualde hura Alkimoren ardurapean ipini eta, Alkimo zaintzeko gudari-taldea utzirik, erregeagana joan zen Bakides.
21 Alkimok borroka egin zuen, apaizgo nagusia bere esku izateko.
22 Herriaren nahasle guztiak bildu zitzaizkion eta, Judea lurraldeaz jabeturik, kalte handia egin zioten Israeli.
23 Alkimok eta beronen aldekoek israeldarrei jentilek beraiek baino ere kalte handiagoak egiten zizkietela ikusirik,
24 Judeako eskualde guztietan zehar ibili zen Judas, traidoreak zigortuz eta herrialde hartan ibiltzea eragotziz.
25 Judas eta beronen aldekoak geroz eta indartsuago zirela eta ezin ziela aurre egin ikustean, Alkimok erregeagana itzuli eta salakuntza maltzurrak egin zizkion haien kontra.