36 Baina Janbriren leinukoek, Madabakoek, eraso, Joan bera eta zeraman guztia bahitu eta harrapakinekin ihes egin zuten.
37 Aldi baten buruan, Jonatani eta anaia Simoni jakinarazi zieten: «Janbriren leinukoak eztei-jai handia egitekotan dira. Emaztegaia, Kanaango handikietako baten alaba, Nadabatetik dakarte jende-talde handi batekin».
38 Beren anaia Joan nola hil zuten oroiturik, Jonatan eta Simon mendira igo ziren eta bihurgune batean gorde.
39 Orduan, senargaia ikusi zuten bere adiskide eta ahaideekin beste taldearengana zetorrela, danbolinak joz eta kantari, musika-tresna asko eramanez, lagun-talde handi eta zaratatsu baten artean.
40 Jonatanek eta Simonek, beren gordelekutik atera, eraso eta sarraskitu egin zituzten. Jende asko hil zuten, eta bizirik geldituak mendira joan ziren ihesi. Jonatan eta beronen gizonak harrapakinez jabetu ziren.
41 Horrela, eztei-jaia hileta bihurtu zen, eta kantu-soinuak negar-zotin.
42 Beren anaiaren odola mendekatu ondoren, Jonatan eta Simon Jordango bazter zingiratsuetara joan ziren.