48 Orduan, Jonatan eta lagunak, Jordanera jauzi egin eta igerian heldu ziren beste aldera. Etsaiek, aldiz, ez zuten igaro ibaia juduen atzetik joateko.
49 Egun hartan, Bakidesen gudarosteko mila lagun inguru hil ziren.
50 Jerusalemera itzulirik, zenbait gotorleku eraiki zuen Bakidesek Judean: Jerikon, Emausen, Bet-Horonen, Betelen, Tamnatan, Faratonen eta Tefonen. Harresi garaiak eginarazi zituen, eta ateak eta morroiloak ipini.
51 Gotorleku bakoitzean gudari-talde bat utzi zuen, noizean behin Israeli erasotzeko.
52 Bet-Sur eta Gazara hiriak eta Jerusalemgo gotorlekua ere sendotu zituen, beraietan gudari-taldeak eta janari-biltegiak eratuz.
53 Gero, inguru haietako jauntxoen semeak bahituran hartu eta Jerusalemgo gotorlekuan preso sartu zituen.
54 Ehun eta berrogeita hamahirugarren urteko bigarren hilean Alkimo apaiz nagusiak tenplu barruko atariko horma botatzeko agindu zuen, horrela profeten lana hondatuz.