5 Judasek Elasan zuen ezarria bere kanpalekua, eta aukerako hiru mila gizon zituen berekin.
6 Baina etsaiak zein ugari ziren ikustean, askok, beldurrak jota, alde egin zuen kanpalekutik; zortziehun gizon baizik ez ziren gelditu.
7 Ikusi zuen Judasek bere gudarostea ahuldua zegoela eta gudua gainean zuela; baina ez zuen astirik berriro biltzeko. Orduan, bihotza lur joa gelditu zitzaion.
8 Lur joa egon arren, esan zien gelditu zitzaizkion gizonei:—Jaiki! Goazen etsaien kontra; ea, aurre egin diezaiekegun.
9 Gizonek, ordea, atzera eragin nahiz, esan zioten:—Ezin dugu, gutxi gara eta. Orain, salba dezagun bizia! Gero, lagunak hartu eta itzuliko gara etsaiei aurre egitera.
10 Judasek ihardetsi zien:—Inola ere ez dut ihes egingo! Hiltzeko ordua heldu bazaigu, hil gaitezen adore osoz geure senideen alde, gure izen ona zikintzen utzi gabe.
11 Etsaien gudarostea kanpalekutik atera eta juduei erasotzeko prestatu zen. Zalditeria bi taldetan banatua zuten; habailariak, arkulariak eta gizonik adoretsuenak gudarostearen aurrealdean zetozen. Bakides, berriz, eskuinaldean.