52 Bet-Sur eta Gazara hiriak eta Jerusalemgo gotorlekua ere sendotu zituen, beraietan gudari-taldeak eta janari-biltegiak eratuz.
53 Gero, inguru haietako jauntxoen semeak bahituran hartu eta Jerusalemgo gotorlekuan preso sartu zituen.
54 Ehun eta berrogeita hamahirugarren urteko bigarren hilean Alkimo apaiz nagusiak tenplu barruko atariko horma botatzeko agindu zuen, horrela profeten lana hondatuz.
55 Baina, botatzen hasi ziren orduan, gaitzak jo zuen Alkimo eta utzi egin behar izan zituzten botatze-lanak. Ahoa itxi eta gogortu egin zitzaion. Hitzik gabe gelditu zen eta bere azken borondatea ere ezin izan zuen adierazi.
56 Azkenean, oinaze bizitan hil zen Alkimo.
57 Hori ikustean, erregeagana itzuli zen Bakides. Horrela, Judea herrialdea lasai bizi izan zen bi urtez.
58 Legegabeko jendeak bildu eta zioen: «Jonatan eta lagunak lasai bizi dira, ezeren susmo txarrik gabe. Etorraraz dezagun orain Bakides eta atzeman ditzala denak gau batean».