56 Azkenean, oinaze bizitan hil zen Alkimo.
57 Hori ikustean, erregeagana itzuli zen Bakides. Horrela, Judea herrialdea lasai bizi izan zen bi urtez.
58 Legegabeko jendeak bildu eta zioen: «Jonatan eta lagunak lasai bizi dira, ezeren susmo txarrik gabe. Etorraraz dezagun orain Bakides eta atzeman ditzala denak gau batean».
59 Eta Bakidesengana joan ziren horretaz hitz egitera.
60 Atera zen Bakides gudari-talde handi batekin, eta Judeako bere lagun guztiei isilkako idazkia bidali zien, Jonatan eta lagunak harrapatzeko eskatuz. Baina ezin izan zuten, jakin egin baitzen haien asmoa.
61 Ordainez, azpijoko hartan buru izan ziren inguru haietako berrogeita hamar gizon harrapatu eta hil egin zituzten Jonatanen aldekoek.
62 Gero, Jonatan, Simon eta lagunak basamortura joan ziren, Bet-Basi izeneko hirira; hondatua zegoena berreraiki eta gotortu egin zuten.