64 Bet-Basira heldurik, inguratu eta eraso egin zion egun askotan, guda-tramankuluak erabiliz.
65 Anaia Simon hirian utzirik, Jonatanek irtenalditxo bat egin zuen gudari-talde txiki batekin eta herrialdean zehar ibili zen.
66 Odomera eta beronen ahaideak menderatu zituen, baita Fasironen leinukoak ere beren oihal-etxoletan. Ondoren, Bet-Basi inguratua zuten etsaiei erasotzen hasi ziren, gudari artetik aurrera eginez.
67 Orduan, Simonek eta lagunek hiritik atera eta su eman zieten guda-tramankuluei.
68 Horrela borrokatu ziren Bakidesen kontra, eta garaitu egin zuten. Bakides erabat lur joa gelditu zen, beraren asmo eta erasoek porrot egin zutelako.
69 Eta biziki haserretu zen lege gabeko gizon haiekin, haiek etorrarazi baitzuten lurralde hartara, eta haietarik asko hil zuen. Gero, bere herrira itzultzea erabaki zuen.
70 Hori jakitean, mandatariak bidali zizkion Jonatanek Bakidesi, bakeak egitera eta presoak itzultzera gonbidatuz.