1 Kronikak
Kapituluak 11
Elizen Arteko Biblia
David, Juda eta Israelgo errege
1Israeldar guztiak Hebronen bildu ziren Davidengana eta esan zioten: «Zeure odolekoak gaituzu gu ere.
2Lehendik, Saul errege zelarik, zeuk zenituen Israelen joan-etorriak gidatzen. Jaunak, zeure Jainkoak, esana dizu: “Zeuk gidatuko duzu ene herri Israel, eta zeu izanen zara ene herri Israelen agintari”».
3Etorri ziren, bada, israeldarren buruzagi guztiak Hebronera David erregeagana, eta honek hitzarmena egin zuen haiekin han, Jaunaren aurrean. Haiek Israelgo errege gantzutu zuten David, Jaunak Samuelen bidez esana zuen bezala.
David Jerusalemez jabetu
4Davidek, israeldar guztiekin, Jerusalemerantz jo zuen, hau da, Jebusera; lurralde hartan bizi ziren jebustarrak.
5Hauek esan zioten Davidi: «Ez haiz hona sartuko».Hala ere, jabetu zen David Siongo gotorlekuaz, gerora «Daviden Hiri» deituko zenaz.
6Esana zuen Davidek: «Jebustar bat hil dezan lehenengoa buruzagi eta gudalburu eginen dut». Tzeruiaren seme Joab izan zen lehenengoa erasotzen; horregatik, erregeak bera egin zuen buruzagi.
7David gotorleku hartan gelditu zen bizitzen; horregatik, «Daviden Hiri» deitu zuten.
8Inguru guztian hiria eraiki zuen, Milo deritzan lubetatik barnerantz; bitartean, Joabek hiriko beste alderdiak berriztatu zituen.
9David geroz eta indartsuago egiten ari zen, eta berekin zuen Jaun ahalguztiduna.
Daviden gudariak
10Hona hemen Davidi, bere erregealdian, israeldar guztiekin batera, lagundu zioten buruzagi adoretsuak; hauek ahalegindu ziren David errege izan zedin, Jaunak Israeli esan bezala.
11Hona hemen Daviden gudari adoretsu haien izenak: Jaxobeam, hakmondarra, hiru ausarten buruzagia. Behin batez, hirurehun gizonen kontra astindu zuen bere lantza, eta denak hil zituen.
12Honen ondoren, Eleazar, Dodo ahohitarraren semea, hiru gudari haietakoa.
13Davidekin zen hau Pas-Damimen, filistearrak borrokarako bildu zirenean. Jendeak ihes egin zuen filistearrengandik. Bazen han garagar-sail bat eta
14Eleazarrek eta bere gizonek, sailaren erdian tinko, defendatu egin zuten, filistearrak hilez. Garaipen handia lortu zuen Jaunak.
15Beste batean, hogeita hamarren taldeko hiru buruzagi haitzartera jaitsi ziren Davidengana, Adulamgo leizera. Filistearrak refatarren haranean zeuden kanpatuak.
16David, berriz, bere babeslekuan zegoen; filistearrek gudari-talde bat zuten Belenen.
17Davidek gogo hau adierazi zuen: «Norbaitek, Belengo atean dagoen urtegitik ura ekarriko balit edateko… !»
18Hiru haiek, filistearren gudari-tokira sartu, Belengo atean dagoen urtegitik ura atera eta Davidi eraman zioten. Davidek, ordea, ez zuen edan nahi izan, eta isuri egin zuen Jaunarentzako eskaintza bezala.
19Hau esan zuen: «Libra nazala ene Jaunak ur hau edatetik! Bizia arriskatu duten gizon horien odola edatea izango litzateke, bizia arriskatu baitute ur hau ekartzeko». Eta ez zuen edan nahi izan.Hauxe egin zuten gudari adoretsu haiek.
20Joaben anaia Abixai zen hogeita hamarren buruzagia. Hirurehunen kontra astindu zuen honek bere lantza eta hil egin zituen. Horregatik, izen handia hartu zuen hiru gudarien artean.
21Hogeita hamarrak baino bi bider ospetsuago izan zen eta denen buruzagi. Hala ere, ez zen hiru haiek adinakoa izan.
22Joiadaren seme Benaias gizon kementsua zen eta egintza bikain asko egina. Kabtzeelgoa zen. Hark hil zituen lehoiak bezain ausart ziren bi moabdarrak. Elurra ari zuen batean, urtegira jaitsi eta lehoia hil zuen bertan.
23Berak hil zuen bi metro eta erdiko egiptoar erraldoi bat ere. Ehuleen ardatza zirudien lantza zeraman egiptoarrak eskuan; Benaiasek, berriz, makila besterik ez zekarren. Honek lantza eskutik kendu eta berarekin hil zuen egiptoarra.
24Horra, bada, zer egin zuen Joiadaren seme Benaiasek; horregatik, izen handia zuen hiru gudari adoretsuen artean.
25Hogeita hamar gudarietan ospetsuena izan zen; baina ez hiru haiek adinakoa. Davidek bere zaintzaileen buru egin zuen.
26Hona hemen beste gudari ospetsuen izenak: Asahel, Joaben anaia; Belengo Elhanan, Dodoren semea;
27Harodeko Xamot; Pelongo Heletz;
28Ira, Tekoako Ikexen semea; Anatoteko Abiezer;
29Huxako Sibekai; Ilai ahohitarra;
30Netofako Mahrai; Heled, Netofako Baanaren semea;
31Itai, Gibako Ribai benjamindarraren semea; Piratongo Benaias;
32Gaax ibarreko Hurai; Arabako Abiel;
33Bahurimgo Azmabet; Xaalbongo Eliahba;
34Gizongo Bene-Haxem; Jonatan, Harargo Xageren semea;
35Ahiam, Harargo Sakarren semea; Elifal, Ur-en semea;
36Mekerateko Hefer; Pelongo Ahias;
37Karmelgo Hetzro; Naarai, Ezbairen semea;
38Joel, Natanen anaia; Mibhar, Hagriren semea;
39Amongo Tzelek; Beroteko Nahrai, Tzeruiaren seme Joaben ezkutaria;
40Jetergo Ira eta Gareb;
41Urias hitita; Zabad, Ahlairen semea;
42Adina, Xiza rubendarraren semea, rubendarren buruzagia, eta honekin batera beste hogeita hamar gudari.
43Hanan, Maakaren semea; Josafat mitnitarra;
44Axtaroteko Uzias; Xama eta Jeiel, Aroerko Hotamen semeak;
45Jediael eta honen anaia Joha, Ximri titzearraren semeak;
46Mahabimgo Eliel; Jeribai eta Joxabias, Elnaamen semeak; Moabeko Itma
47eta Tzobako Eliel, Obed eta Jaasiel.