1 Kronikak 22 EAB

1 Orduan, Davidek esan zuen: «Hauxe da Jainko Jaunaren etxea! Hauxe da israeldarrek erre-opariak eskaintzeko aldarea!»

Davidek tenpluaren eraikuntza antolatu

2 Ondoren, Davidek Israel lurraldean bizi ziren atzerritarrak biltzeko agindu eta hargintzan lan eragin zien, Jaunaren etxea eraikitzeko harriak lantzen.

3 Burdina ugari prestarazi zuen, ate-orrietako iltze eta kakoak egiteko; baita ezin pisatu ahalako brontze-multzoa ere

4 eta zedro-zura neurri gabe, sidondarrek eta tiroarrek Davidi ugari ekarria.

5 Davidek hau zioen bere baitan: «Nire seme Salomon oraindik gaztea da, ikasigabea, eta Jaunarentzat eraiki behar den tenpluak bikaina izan behar du, herri guztietan entzutea eta ospea izateko adinakoa. Beraz, dena prest utzi behar diot». Horregatik, Davidek, hil aurretik, prestakuntza handiak egin zituen.

Tenplua eraikitzeko ardura Salomoni utzi Davidek

6 Orduan, bere seme Salomoni dei egin eta Jaunari, Israelen Jainkoari, tenplua eraiki ziezaiola agindu zion Davidek.

7 Esan zion: «Ene seme, Jaunari, nire Jainkoari, tenplua eraikitzeko asmoa nuen nik.

8 Jaunak, ordea, hitz egin zidan esanez: “Odol asko isuri duzunez, ez didazu zuk eraikiko tenplua.

9 Baina baketsu izanen den semea jaioko zaizu. Izena ere Salomon izango du, hau da, ‘Baketsu’. Bera bizi bitartean bakea eta lasaitasuna emango dizkiot Israeli.

10 Horrek eraikiko dit tenplua; seme izango dut nik hura, eta aita izango nau hark ni. Eta haren erregetza betiko sendotuko dut Israelen”.

11 «Ene seme, izan bedi Jauna zurekin, Jaunaren, zeure Jainkoaren, etxea eraikitzea ongi burutu dezazun, berak zuri buruz hitzeman bezala.

12 Eman diezazkizula Jaunak zuhurtasuna eta buruargitasuna Israelen errege egingo zaituztenean, Jaunaren, zeure Jainkoaren, legea betetzeko.

13 Izan ere, Jaunak Moisesen bidez Israeli emaniko agindu eta erabakiak betetzen badituzu, denetan onik aterako zara. Izan kemen eta adore! Ez beldurtu, ez izutu!

14 «Jaunaren etxea egiteko, hiru mila tona urre baino gehiago, hogeita hamar mila tona zilar eta ezin pisatu ahalako brontze- eta burdin multzoa biltzen ahalegindu naiz. Zura eta harria ere prestatu ditut. Eta zuk gehiago bilduko duzu.

15 Langile ugari duzu zeure esku: harri-pikatzaile, hargin, zurgin eta era guztietako lanetan iaioa den jendea.

16 Zenbatu ezin hainbat urre, zilar, brontze eta burdina ere baduzu zeure esku. Tira, bada, ekin lanari! Eta izan bedi Jauna zurekin!»

17 Davidek, hala berean, Israelgo buruzagi guztiei Salomon bere semeari laguntzeko agindu zien, esanez:

18 «Ez al duzue zeuekin Jauna, zeuen Jainkoa? Alde guztietatik lasaitasuna eman dizue, lurraldeko bizilagunak nire agintepean jarriz. Orain, Jaunaren eta beronen herriaren menpe daude.

19 Bila ezazue, beraz, bihotzez eta gogoz, Jaunaren, zeuen Jainkoaren, nahia. Tira, eraiki ezazue Jainko Jaunaren santutegia eta eraman gero, Jaunaren ohorez eraikitako tenplu horretara, Jaunaren itun-kutxa eta Jainkoaren kulturako tresnak».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29