1 Kronikak 17 EAB

Jainkoak Davidi ondorengotza iraunkorra hitzeman

1 David erregeak, bere etxean bizitzen jarri zenean, esan zion Natan profetari:—Hara, zedrozko etxean bizi naiz ni; Jaunaren itun-kutxa, aldiz, oihal-etxolan dago.

2 Natanek erantzun zion:—Bete zeure asmoa, zeurekin baituzu Jainkoa.

3 Gau hartan, ordea, Jainkoak hitz egin zion Natani, esanez:

4 «Zoaz eta esaiozu ene zerbitzari Davidi: “Honela mintzo da Jauna: Ez didazu zuk eraikiko etxea, ni bertan bizi nadin.

5 Ez naiz inoiz ere etxe batean bizi izan, israeldarrak askatu nituenetik gaurdaino; oihal-etxolan bizi izan naiz kanpalekuz kanpaleku.

6 Israeldar ororekin batera ibilia naizen bitarte osoan, esan al diet inoiz ene herri Israel zaintzeko agindu nien buruzagiei, niretzat zedrozko etxea egiteko?”

7 Esaiozu, gainera, ene zerbitzari Davidi: “Hau dio Jaun ahalguztidunak: Nik atera zintudan larreetatik, artaldeen artetik, ene herri Israelen agintari izateko.

8 Zeurekin izan nauzu ibili zaren toki guztietan. Hondatu ditut aurrean jarri zaizkizun etsaiak oro. Lurreko handikiena bezainbateko izena eman dizut.

9 Bizitokia emanen diot ene herri Israeli: hantxe errotu eta kokatuko dut. Aurrerantzean ez da ikaratuko; gaizkile horiek ez dute gehiago desegingo, antzina hartan,

10 ene herri Israeli buruzagiak eman nizkionean, egin zuten bezala. Orain makurrarazi egingo ditut zure etsai guztiak. Eta jakinarazten dizut, neuk, Jaunak, eraikiko dizudala etxea.

11 Eta zure egunak bete ondoren, zeure gurasoengana joango zarenean, zure ondorengo bat, zure semeetarik bat, ezarriko dut eta sendotuko beraren erregetza.

12 Hark eraikiko dit etxea eta nik betiko sendotuko diot erregetza.

13 Aita izango nau ni hark, eta seme izango dut nik hura; neure onginahia ez dut harengandik baztertuko, zure aurreko erregeagandik baztertu nuen bezala.

14 Neure etxe eta neure erreinuaren buru bezala iraunaraziko dut betikotasunean eta haren errege-aulkia sendoa izanen da beti”».

15 Ikuskari honetan adierazitako guztia esan zion Natanek Davidi.

Davidek Jaunari erantzun

16 Orduan, David erregea Jaunaren aurrean jarri eta honela mintzatu zen: «Nor naiz ni, Jainko Jauna, eta zer da nire senitartea, ni horretaraino ekartzeko?

17 Eta hori ere gutxi iruditu zaizunez, oi Jainko, zeure morroi honen etxeari luzarorako hitza eman diozu. Gainera, goi-mailako gizontzat hartu nauzu, Jainko Jaun horrek.

18 Zer gehiago esan diezazuket nik, Davidek, eman didazun ospeaz? Zuk ezagutzen nauzu ni, zure morroi hau.

19 Eta bihotzez maite nauzulako egin dituzu gauza handi hauek, zeure handitasuna aditzera emateko.

20 Jauna, ez da inor zu adinakorik, ez da jainkorik zu baizik, guk geure belarriz entzun izan dugun bezala.

21 Ba ote da lurrean Israel zure herria bezalako beste herririk? Zeu, Jainko, etorri zinen herri hau askatzera, zeure herri egiteko. Izen handia eman diozu zeure buruari halako egintza handi eta izugarriak eginez, hau da, zeure herria Egiptotik askatuz eta beraren aurretik atzerritarrak iraitziz.

22 Zuk Israel herria zeure herri egin duzu betiko eta zu zeu, Jauna, beraren Jainko egin zara.

23 «Orain, Jauna, iraunarazi betikotasunean zeure morroi honi eta beronen ondorengotzari eman diozun hitza. Egizu esan bezala.

24 Izan bedi iraunkorra eta handia zure ospea betiko. Esan bezate: “Jaun ahalguztiduna da Israelen Jainkoa!” Eta iraun beza sendo zure aurrean, morroi duzun David honen ondorengotzak.

25 Zuk, ene Jainko horrek, ondorengotza emango didazula hitzeman didazu. Horregatik izan du zure morroi honek zuri otoitz hau egiteko ausardia.

26 Jainkoa zara zu, Jauna, eta zuk hitzeman dizkidazu halako gauza ederrak.

27 Zuk bedeinkatu nahi izan duzu zeure morroi honen ondorengotza, beti zure aurrean iraun dezan. Zuk bedeinkatu duzu, Jauna, eta bedeinkatua izanen da betikotasunean».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29