1 Davidek esan zion biltzar osoari: «Ene seme Salomon, Jainkoak aukeratu duen bakarra, gaztea da eta ikasi gabea; egin behar duen lana, berriz, handia, jauregi hau ez baita edozein gizonentzat, Jainko Jaunarentzat baizik.
2 Eginahalak egin ditut nik neure Jainkoaren etxea eraikitzeko behar den guztia prestatzen: urrea, zilarra, brontzea, burdina, zura; baita onize eta apain-harriak, harri beltzak eta koloredunak, era guztietako harribitxiak eta hartzuri ugari ere.
3 Eta etxe santu honetarako prestatu dudan horretaz guztiaz gainera, neure altxorretik ematen dut urrea eta zilarra ere Jainkoaren etxerako, maite baitut nik tenplu hori.
4 Ehun tona urre fin ematen dut eta berrehun eta hogeita hamar tona zilar garbi tenpluko hormak janzteko,
5 baita urreginek beren lan guztiak egiteko behar duten urre eta zilarra ere. Egin nahi al dio beste inork emaitzarik Jaunari?»
6 Orduan, familiaburuek, Israelgo leinuburuek, milako eta ehuneko gudari-taldeen buruzagiek eta erregearen administratzaileek eskuzabal egin zituzten beren emaitzak.
7 Ehun eta hirurogeita hamar tona urre, hamar mila txanpon, hirurehun eta berrogei tona zilar baino gehiago, seiehun tona inguru brontze eta hiru mila eta bostehun tona burdina eman zuten.
8 Harribitxirik zuenak Jaunaren etxeko altxorrerako eman zuen, Gerxonen ondorengoetakoa zen Jehielen esku utziz.
9 Herri osoa poztu zen bat-bateko emaitza haiengatik, bihotz-bihotzez eman baitzituzten Jaunarentzat; David erregeak ere poz handia hartu zuen.
10 Orduan, biltzar osoaren aurrean Jauna goretsi zuen Davidek, esanez: «Bedeinkatua zu, Jauna, gure aita Israelen Jainkoa, beti eta beti!
11 Zeureak dituzu, Jauna, handitasuna, indarra, ohorea, ospea eta gorespena. Zeureak dituzu zeru-lurretan diren guztiak. Zeureak, Jauna, erregetza eta gauza guztien nagusitza.
12 «Zuregandik datoz aberastasuna eta aintza; zeure menpe duzu dena. Zeure esku dituzu indarra eta ahalmena; zeure esku, edonor handi eta indartsu egitea.
13 Horregatik, oi gure Jainko, eskerrak ematen dizkizugu eta zure izen ospetsua goresten dugu.
14 «Izan ere, nor naiz ni eta nor nire herria zuri borondatezko emaitza hauek egin ahal izateko? Zuregandik dator dena eta zure eskutik hartua eman dizugu.
15 Zure aurrean arrotz eta etorkin besterik ez gara, gure arbasoak izan ziren bezala. Gure bizitza lur gainean itzala bezalaxe doa, itxaropenik gabe.
16 Jauna, gure Jainkoa, zuri tenplua eraikitzeko prestatu dizkizugun gauza hauek guztiak zure eskutik datozkigu, zeurea baituzu dena.
17 «Badakit, ene Jainko, gure asmorik gordeenak aztertzen dituzula eta zuzentasuna maite duzula; asmo zuzenez eskaini dizkizut bat-batean gauza hauek guztiak, eta bozkarioz ari naiz ikusten hemen dagoen herri guztiak ere eskuzabal egiten dizkizula bere emaitzak.
18 Jauna, gure arbaso Abrahamen, Isaaken eta Israelen Jainkoa, egizu gure herriak iraun dezala beti era horretako jarreran, eta erakar zeuregana herri honen bihotza.
19 «Emaiozu nire seme Salomoni zure agindu, burubide eta legeak bihotz-bihotzez gordetzea, denak bete ditzan eta nik prestatu dizudan jauregia eraiki diezazun».
20 Orduan, esan zion Davidek biltzar osoari: «Bedeinka ezazue Jauna, zeuen Jainkoa!»Eta biltzar osoak bedeinkatu egin zuen Jauna, bere arbasoen Jainkoa, eta denak ahuspeztu egin ziren Jaunaren eta erregearen aurrean.
21 Biharamunean sakrifizioak eta erre-opariak eskaini zizkioten Jaunari: mila zekor, mila ahari, mila bildots, isur-opariekin batera; opari ugari eskaini zuten Israel osoaren alde.
22 Egun hartan alaitasun handiz jan eta edan zuten Jaunaren aurrean. Berriro ere errege izendatu zuten Daviden seme Salomon eta buruzagi gantzutu Jaunaren izenean. Tzadok, berriz, apaiz gantzutu zuten.
23 Salomon Jaunaren errege-aulkian jarri zen, bere aita Daviden ordez. Gauza guztietan aurrera atera zen, eta Israel osoa esaneko izan zuen.
24 Buruzagi guztiek, gudari adoretsuek eta David erregearen beste semeek ere men egin zioten Salomon erregeari.
25 Jaunak asko goratu zuen Salomon Israel osoaren begietan eta ordu arte Israelgo erregeetan beste inori baino errege-ospe handiagoa eman zion.
26 Jeseren seme David Israel osoaren errege izan zen
27 berrogei urtez: zazpi Hebronen eta hogeita hamahiru Jerusalemen.
28 Zahartzaro ona eman ondoren hil zen, urtetan aurreratua, aberastasun eta ospez betea. Haren seme Salomon izan zen hurrengo erregea.
29 David erregearen egintzak oro, lehenengotik azkenekora, «Samuel Ikuslearen Kronikak», «Natan Profetaren Kronikak» eta «Gad Ikuslearen Kronikak» deritzen liburuetan daude idatziak.
30 Liburu horietan kontatzen da Daviden erregealdi indartsuari buruzko guztia, baita berari, Israeli eta lurralde haietako erreinuei gertatu zitzaizkien gorabeherei buruzkoa ere.