1 Behinola, jaiki zen Satan Israelen kontra eta israeldarren erroldatzea egitera bultzatu zuen David.
2 Erregeak agindu zien Joabi eta herriko buruzagiei:—Zoazte eta zenbatu israeldarrak Beer-Xebatik hasi eta Daneraino, eta ekar iezadazue horren emaitza, zenbat diren jakin dezadan.
3 Joabek erantzun:—Orain dena baino ehun bider handiago egin dezala Jaunak bere herria! Baina, ene errege jauna, ez al dituzu denak zeure zerbitzari? Zertarako egin nahi duzu ikerketa hori? Zertarako egin errudun Israel?
4 Hala ere, erregearen agindua onartu behar izan zuen Joabek. Honek, Israel osoan barrena ibili ondoren, Jerusalemera itzuli eta
5 erakutsi zion Davidi erroldatzearen emaitza: Israelen milioia eta ehun mila gizon ziren gudurako gai, eta Judan laurehun eta hirurogeita hamar mila.
6 Horien artean Joabek ez zituen lebitarrak eta benjamindarrak sartu, erregearen agindua higuingarria iruditu zitzaiolako.
7 Jainkoak ez zuen begi onez ikusi erroldatze hura egitea eta zigortu egin zuen Israel.
8 Orduan, Davidek esan zion Jainkoari:—Bekatu handia egin dut, bai, erroldatzea egiteko aginduz. Baina, otoi, barkatu zeure morroi honen gaiztakeria, burugabe jokatu baitut.
9 Jaunak Daviden profeta zen Gadi dei egin eta esan zion:
10 «Zoaz eta esaiozu Davidi: “Hau dio Jaunak: hiru zigor ipintzen dizkizut aukeran; hautatu horietarik bat eta huraxe ezarriko dizut”».
11 Joan zen, beraz, Gad Davidengana eta esan zion:—Hau dio Jaunak: «Aukera ezazu:
12 hiru urteko gosealdia, hiru hilabeteko hondamendia etsaien ezpataren erasopean ala hiru egunez Jaunaren ezpatak izurriz jotzea eta Jaunaren aingeruak lurralde osoa desegitea». Zuk esan zer erantzun behar diodan bidali nauenari.
13 Davidek, orduan, Gadi:—Hau larriaren handia! Hobe Jaunaren eskuetan erori, haren errukia handia baita, giza eskuetan erori baino.
14 Jaunak, beraz, izurria bidali zuen Israelera eta hirurogeita hamar mila gizon israeldar hil ziren.
15 Jaunak, gainera, aingerua bidali zuen, Jerusalem hondatzeko. Baina hondatzen ari zela ikusirik, atsekabetu egin zen Jauna kalte harengatik, eta agindu zion aingeru hondatzaileari: «Atzera esku hori! Aski da!»Une hartan Jaunaren aingerua Ornan jebustarraren larrain ondoan zegoen.
16 Begiak altxatu eta ikusi zuen Davidek Jaunaren aingerua zeru-lurren artean zegoela, ezpata zorrotik aterea eskuan hartu eta Jerusalemen kontra luzatuz. Orduan, erregea eta arduradunak, zakukiz jantzirik, lurreraino ahuspeztu ziren.
17 David honela mintzatu zitzaion Jaunari: «Ez al dut, bada, nik agindu herriaren erroldatzea egiteko? Neuk egin dut bekatu; neuk, artzain honek, jokatu dut gaizki. Ardi hauek, berriz, zer egin dute? Jauna, ene Jainkoa, zigortu ni eta nire senitartekoak, baina ez zigortu zeure herria».
18 Jaunaren aingeruak esan zion Gadi: «Esaiozu Davidi igo dadila Ornan jebustarraren larrainera eta eraiki diezaiola bertan aldarea Jaunari».
19 Igo zen, beraz, David, Gadek Jaunaren izenean esan bezala.
20 Ornanek, garia jotzen ari zelarik, atzera begiratu eta aingerua ikusi zuen; harekin lanean ari ziren lau semeak gorde egin ziren.
21 Orduantxe zetorren David Ornanengana. Hau, David ikustean, larrainetik atera eta ahuspeztu egin zen Daviden aitzinean.
22 Davidek esan zion:—Emadazu larraina dagoeneko toki hau; aldarea eraiki behar diot Jaunari, horrela izurria herriarengandik urrun dezan. Bidezko dena ordainduko dizut.
23 Ornanek erantzun:—Hartzazu, ene jaun horrek, eta egin nahi duzuna. Begira, neure idiak emanen dizkizut erre-oparirako, eultziak egurretarako eta garia eskaintzarako. Dena damaizut.
24 David erregeak ihardetsi zion:—Ez, bidezko dena ordainduz erosi nahi dizut. Jaunarentzat ez dut hartuko zurea dena, ez diot eskainiko kostatu ez zaidan erre-oparirik.
25 Toki haren ordainetan urrezko seiehun txanpon eman zizkion Davidek Ornani.
26 Hantxe bertan eraiki zion aldarea Davidek Jaunari eta, erre-opariak eta elkartasun-opariak eskainirik, dei egin zion Jaunari. Honek zerutik aldare gainera sua bidaliz erantzun zion.
27 Aingeruak, Jaunaren aginduz, zorroan sartu zuen bere ezpata.
28 Aldi hartan ohartu zen David, Jaunak Ornan jebustarraren larrain hartan erantzun ziola, eta sakrifizioak eskaini zizkion.
29 Artean, Jaunaren egoitza, Moisesek basamortuan egina, eta erre-oparietarako aldarea Gabaongo kultu-lekuan zeuden;
30 baina David ez zen Jaunari kontsulta egiteko hara joatera ausartzen, Jaunaren aingeruaren ezpatak izutu egin baitzuen.