3 Orduan, gure Jainkoaren kutxa ekarraraziko dugu geure artera; izan ere, ez gara hartaz axolatu Saulen erregealdian».
4 Biltzar osoak ontzat eman zuen hala egitea, bidezko iruditu baitzitzaion.
5 Davidek, beraz, bilarazi zituen Egiptoko errekatik Hamateko sarreraraino bizi ziren israeldar guztiak, Jainkoaren kutxa Kiriat-Jearimdik ekartzeko.
6 Israeldar guztiekin, David Juda lurraldean dagoen Baalara, hau da, Kiriat-Jearimera, igo zen, Jainkoaren kutxa handik eramateko. Kutxa hau, izaki hegaldunen gainean jarria dagoen Jaunaren izenari eskainia dago.
7 Jainkoaren kutxa Abinadaben etxetik hartu eta gurdi berrian ezarri zuten. Uza eta Ahio zihoazen itzain.
8 David eta israeldar guztiak Jaunaren aurrean zihoazen gogotik dantzatuz eta kantatuz, zitarak, harpak, danbolinak, txilinak eta turutak joz.
9 Kidonen larrainera heltzean, idiak irristatu egin ziren, eta Uzak, eskua luzatuz, eutsi egin zion kutxari.