1 Hurrengo urtean, erregeek guduari ekin ohi dioten garaian, Joabek bere gudarostea hartu eta, amondarren lurraldea hondatu ondoren, Raba hiria setiatu zuen. Bitartean, David Jerusalemen gelditu zen. Joabek Raba hiriari eraso eta hondatu egin zuen.
2 Amondarren sasijainko Milkomek hogeita hamabost kiloko koroa zuen, harribitxi eder batekin. Irudiari harribitxi hura kendu eta Davidi ezarri zioten buruan. Davidek harrapakin ugari eraman zuen hiri hartatik.
3 Gero, hango jendea irtenarazi eta zerraz, burdinazko pikotxez eta aizkoraz lan egitera behartu zuen. Horixe bera egin zuen Davidek amondarren hiri guztietan. Ondoren, David Jerusalemera itzuli zen bere gudaroste osoarekin.
4 Gerora, beste gatazka bat izan zen Gezer hirian filistearren aurka. Huxako Sibekaik hil egin zuen Sipai, refatarren ondorengoetarikoa, eta menderatu egin zituen filistearrak.
5 Filistearren kontrako beste gatazka batean, Jairren seme Elhananek hil egin zuen Gateko Lahmi, Goliaten anaia; haren lantza-kirtena ehuleen ardatza adinakoa zen.