16 Beraz, ohikune hau eskumuturrean edo bekokian ipintzen diren seinaleen gisako izango duzue, Jaunak ahalmen handiz Egiptotik atera zaituztela oroitarazteko».
17 Faraoiak israeldar herriari irteten utzi zionean, Jainkoak ez zuen filistearren lurralderako bidetik eraman, nahiz eta motzena hura izan, borroka egin beharrean aurkituz gero, herriak Egiptora itzuli nahiko zuela uste baitzuen.
18 Horregatik, Itsaso Gorrira daraman basamortuko bidetik itzulia eginarazi zien. Israeldarrak gudaroste baten gisa irten ziren Egiptotik.
19 Moisesek Joseren hezurrak jaso zituen, Josek Israelen semeei zin-hitz hau eginarazi baitzien: «Egiaz, esku hartuko du Jainkoak zuen alde; orduan, eramatzazue nire hezurrak hemendik».
20 Israeldarrak Sukotetik irten eta Etamen, basamortu ertzean, kokatu ziren.
21 Jauna aurretik zihoakien: egun-argiz laino-adarrean, bidean gidatzeko; gauez su-adarrean, argi egiteko. Honela, egunez zein gauez ibili ahal izan ziren.
22 Ez ziren aldendu haiengandik, ez laino-adarra egunez, ez eta su-adarra gauez.