Irteera 23 EAB

Zuzentasuna eta errespetua

1 «Ez zabaldu funsgabeko esamesarik; ez atera gaiztoaren alde, zuzengabeko testigantza eginez.

2 Ez jarraitu gehiengoari, gaiztakeria egiteko. Auzian testigantza egitean, ez hautsi zuzenbidea, ez gehiengoari men egiteagatik,

3 ezta behartsuari mesede egiteagatik ere.

4 «Zuen etsaiak galduriko idia nahiz astoa aurkitzen baduzue, itzul iezaiozue.

5 Ez utzi laguntzarik gabe gorroto dizuena; haren astoa zamapean erorita ikusten baduzue, ez ukatu zeuen laguntza, lagundu zamapetik ateratzen.

6 «Ez ukatu auzian behartsuei eskubiderik.

7 «Urrundu zeuengandik gezurrezko salakuntzak: ez eman heriotzara errugabea eta zintzoa, nik ez baitut errugabe aitortuko horrelako gaiztakeria egiten duenik.

8 «Ez onartu eskupekorik, itsutu egiten baititu pertsona argiak ere eta hondatu egiten zintzoen epaia.

9 «Ez zapaldu etorkina, ongi dakizue-eta zer den etorkin izatea, zeuek ere etorkin izan baitzarete Egipton.

Atsedenari buruz oharkizunak

10 «Sei urtez ereingo duzue zeuen lurrean eta bilduko uzta,

11 baina zazpigarrenean atseden emango diozue lurrari, landu gabe utziz; lurrak berez emango duena herriko behartsuek jango dute, eta gainerakoa basapiztiek irentsiko. Gauza bera egingo duzue zeuen mahasti eta olibadiekin.

12 «Sei egunez egingo dituzue zeuen eginbeharrak, baina zazpigarrenean atseden hartuko duzue; horrela, zuen idi eta astoek ere atseden hartu ahal izango dute, eta zuen esklaboa eta etorkina indarberritu egingo dira.

13 «Bete nik esandako guztia; ez diezue beste jainkoei otoitz egingo, ez aipatuko ere haien izenik.

Erromes-jaiak

14 «Ospatu hiru jai urtean nire omenez.

15 «Ospatu Legamia gabeko Ogien Jaia; nik agindu bezala, zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue Abib hilean, ezarritako egunetan, hil horretan atera baitzineten Egiptotik. Ez da inor nire aurrera esku-hutsik azalduko.

16 «Halaber, ospatu uzta-jaia, soroan erein duzuenaren lehen fruituena; baita urteburuko uzta-biltzearena ere, zeuen soroetako lanaren fruituak biltzen dituzuenekoa.

17 «Beraz, urtean hiru aldiz aurkeztuko dira gizaseme guztiak Jainko Jaunaren aurrera.

18 «Ez eskaini sakrifizioetako abere-odolik ogi harrotuarekin batera, ezta gorde ere hurrengo egunerako nire festan eskainitako abereen gantzak.

19 «Eraman zeuen lurreko lehen fruituak Jaunaren, zeuen Jainkoaren, etxera.«Ez egosi antxumerik bere amaren esnetan.

Kanaanen konkistari buruz agintzariak eta oharkizunak

20 «Hara, neure aingerua bidaltzen dizuet gidari, bidean zain zaitzaten eta prestatu dizuedan lekura eraman.

21 Izan begirune berari eta ibili haren esanera; ez jarri aurka, ez baitizue desobeditzerik jasango, nire izenean ari denez.

22 Nire esana egiten baduzue, ordea, eta nik agindu guztia betetzen, zeuen etsaien etsai eta aurkakoen aurkako izango nauzue.

23 «Nire aingerua joango zaizue gidari, eta amortar, hitita, periztar, kanaandar, hibiar eta jebustarren lurraldera eramango zaituzte: herri guztiok desegingo ditut.

24 Ez jokatu haiek bezala; ez ahuspeztu haien jainkoen aurrean, ezta gurtu ere; aitzitik, erabat suntsitu eta xehatuko dituzue haien zutarri sakratuak.

25 «Gurtu ni, Jauna, zeuen Jainkoa, eta zuen ogia eta ura bedeinkatuko ditut eta gaixotasuna zuengandik aldenduko;

26 ez da zuen herrian emakume agorrik izango, ezta umea galduko duenik ere; zuetako inor ez da garaia baino lehen hilko.

27 «Neure izu-ikara hedatuko dut eta nahasmendua sortuko herrietan zuek haietan sartzean, eta zuen etsai guztiak ihesi jarriko.

28 Liztortzarrak bidaliko dizkizuet aurretik, hibiar, kanaandar eta hititak uxa ditzaten.

29 «Ez ditut, hala ere, urte bakar batean botako, herrialde haiek eremu bihurtu eta basapiztiak ugal ez daitezen zuen kalterako.

30 Ezari-ezarian botako ditut zuen aurretik, lurralde hartaz jabetzeko adina zuek ugaldu arte.

31 «Zuen lurraldea Itsaso Gorritik Mediterraneoraino hedatuko dut, eta Sinai basamortutik Eufrates ibairaino. Lurralde hartako biztanleak eskumende jarriko dizkizuet, eta zuek bota egingo dituzue.

32 Ez egin hitzarmenik haiekin, ezta haien jainkoekin ere.

33 Ez utzi haiei zuen lurraldean bizitzen, nire aurka bekatu egitera eraman ez zaitzaten; bada, haien jainkoak gurtuko zenituzkete zeuen galbiderako».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40