1 Herriak, Moises mendian luzatzen ari zela ikustean, Aaronengana bildu eta esan zion:—Ea, egiguzu bidean gidatuko gaituen jainkoa, ez baitakigu zer gertatu zaion Egiptotik atera gintuen Moises horri.
2 Aaronek erantzun zien:—Kendu zeuen emazte eta seme-alabei urrezko belarritakoak eta ekarzkidazue.
3 Kendu zituzten herritar guztiek urrezko belarritakoak eta Aaroni eraman zizkioten.
4 Honek jaso, urrea urtu eta, zizelez landuz, zekor-irudia moldeatu zuen. Orduan, israeldarrek esan zuten:—Hau da zure jainkoa, Israel, Egiptotik atera zintuena!
5 Hori ikusirik, aldarea eraiki zuen Aaronek zekor-irudiaren aurrean, eta honela egin zuen oihu:—Bihar jai eginen dugu Jaunaren ohorez.
6 Biharamunean, goizean goiz jaiki eta erre-opariak eskaini zituzten eta elkartasun-opariak aurkeztu. Gero, otordua egitera eseri zen herria; ondoren, jostatzeari ekin zioten.
7 Jaunak esan zion Moisesi: «Jaitsi zaitez, Egiptotik atera zenuen herri horrek okerrera jo baitu.
8 Laster asko okertu dira agindu nien bidetik. Zekor-irudia egin dute, eta haren aurrean ahuspeztu dira eta opariak eskaini dizkiote, esanez: “Hau da zure jainkoa, Israel, Egiptotik atera zintuena!”»
9 Jaunak esan zion, gainera: «Ikusia dut zeinen burugogorra den herri hau!
10 Uztazu, bada: nire haserre-suminez garbitu egingo ditut, eta zuregandik herri handi bat sorraraziko».
11 Orduan, Moisesek, bere Jainko Jaunaren sumina baretu nahiz, esan zion: «Jauna, nola jarriko zara, bada, haserre-sutan, hain ahalmen handiz Egiptotik atera duzun zeure herri honen aurka?
12 Hara zer esango luketen egiptoarrek: “Asmo txarrez atera zituen Jainkoak, mendian hilarazteko asmoz, lurrazaletik ezabatzeko”. Ezti ezazu zeure haserre-sumin hori, egizu atzera herriari halako kaltea egitetik.
13 Gogora itzazu Abraham, Isaak eta Jakob zeure zerbitzariak eta haiei eman zenien zin-hitz hau: Zuen ondorengoak zeruko izarrak bezain ugari egingo ditut, eta zuei agindu dizuedan lurralde hau betiko ondaretzat emango diet».
14 Hala, Jaunak atzera egin zuen bere herriari egindako mehatxutik.
15 Moises menditik jaitsi zen, legearen harlauzak eskuetan zituela. Harlauzak bi aldeetatik idatziak zeuden:
16 Jainkoak berak eginak ziren eta haietan idatzia ere Jainkoak berak zizelkatua zen.
17 Herriaren oihuak entzutean, Josuek esan zion Moisesi:—Entzun, guda-oihuak kanpalekuan!
18 Moisesek erantzun zion:—Ez dira garaileen oihuak, ezta garaituenak ere; festa-oihuak dira entzuten ditudanak.
19 Kanpalekura hurbildu ahala zekorra eta dantzak ikusi zituenean, haserre-sutan jarri zen Moises, eta harlauzak, eskuetatik jaurtiz, mendi barrenaren kontra puskatu zituen.
20 Zekorra hartu, sutara bota eta xehe-xehe egiteraino erraustu zuen; gero, errautsa uretan nahastu eta israeldarrei edanarazi zien.
21 Eta Aaroni galdegin zion:—Zer egin dizu herri honek? Nola eginarazi diozu halako bekatu larria?
22 Aaronek erantzun zion:—Ene jauna, ez zaitez sumindu. Ongi dakizu herri hau okerrera emana dela.
23 Zera esan didate: «Egiguzu bidean gidatuko gaituen jainkoa, ez baitakigu zer gertatu zaion Egiptotik atera gintuen Moises horri».
24 Orduan, nik esan diet: «Ba al du inork urrerik?» Haiek urrea bildu eta ekarri egin didate; nik sutara bota eta, hara, zekor hau atera da!
25 Ohartu zen Moises Aaronen zabarkeriagatik herria bere onetik aterata zebilela, etsaien barregarri,
26 eta, kanpalekuan zutik, oihu egin zuen: «Betoz niregana Jaunaren aldekoak!»Lebitar guztiak bildu zitzaizkion.
27 Moisesek esan zien: «Honela dio Israelgo Jainko Jaunak: Har beza nork bere ezpata eta zeharkatu kanpalekua, aterik ate jendea hilez, nahiz eta anaia, laguna edo auzokoa izan».
28 Bete zuten lebitarrek Moisesen agindua, eta hiru milaren bat gizon hil ziren egun hartan.
29 Moisesek esan zuen, orduan: «Gaur Jaunari sagaratuak izan zarete, ezbairik gabe semea nahiz senidea hil duzuelako. Jaunak, beraz, bedeinkatu egin zaituzte gaur».
30 Biharamunean, Moisesek esan zion herriari: «Bekatu larria egin duzue. Orain, Jaunarengana igo behar dut, ea barkazioa lortzen dizuedan».
31 Hala, Jaunarengana itzuli eta esan zion:—Benetan bekatu larria egin du herri honek, urrezko jainkoa eginez.
32 Baina otoi, barka iezaiozu; bestela, ken nire izena idatzia duzun biziaren liburutik.
33 Jaunak, ordea, erantzun zion:—Nire aurka bekatu egiten duena bakarrik kenduko dut nire liburutik.
34 Zoaz orain, eraman herria esan dizudan lekura. Nire aingeruak gidatuko zaitu. Baina iritsiko da zigor-eguna: orduan zigortuko ditut beren bekatuagatik.
35 Jaunak zigortu egin zuen herria Aaroni zekorra egiteko eskatu ziolako.