Irteera 33 EAB

Jainkoak Moisesi abiatzeko agindu

1 Jaunak esan zion Moisesi: «Ea, irten hemendik eta zoazte zeu eta Egiptotik atera zenuen herria, Abrahami, Isaaki eta Jakobi zin eginez beraien ondorengoei emango niela agindutako lurraldera.

2 Aingerua bidaliko dizut gida zaitzan, eta bota egingo ditut lurralde hartatik kanaandar, amortar, hitita, periztar, hibiar eta jebustarrak.

3 Zoazte esnea eta eztia darizkion lurraldera; baina ni ez naiz zuekin joango, burugogor baitzarete; bestela, bidean hondatuko zintuzketet».

4 Goibel jarri zen herria halako hitz gogorrak entzutean, eta ez zen inor festa-jantziz apaindu,

5 Jaunak esana baitzion Moisesi: «Esan israeldarrei: Herri burugogorra zarete! Apur batez zuekin joango banintz, hondatu egingo zintuzketet. Erantzi, bada, festa-jantziak, eta ikusiko dut zer egin zuekin».

6 Honela, Horeb menditik aurrera, ez zuten israeldarrek festa-jantzirik erabili.

Elkarketa-etxola

7 Hartu zuen Moisesek etxola eta kanpalekutik urruti ezarri zuen. «Elkarketa-etxola» eman zion izen. Jaunaren nahia jakin nahi zuena, kanpalekutik aparte zegoen elkarketa-etxolara joaten zen.

8 Moises etxolara zihoanean, berriz, herri osoa, nor bere etxolaren sarreran, Moisesi begira egon ohi zen, hura etxolara sartu arte.

9 Moises hara sartu orduko, laino-adarra jaisten zen eta etxola-sarreran gelditzen, Jaunak Moisesekin hitz egiten zuen bitartean.

10 Laino-adarra etxola-sarreran geldi ikustean, herri osoa ahuspez jartzen zen, nor bere etxola aurrean.

11 Jaunak aurrez aurre egiten zuen hitz Moisesekin, lagunak lagunarekin hitz egiten duen bezala. Ondoren, Moises kanpalekura itzultzen zen; baina haren laguntzaile Josue, Nunen semea, ez zen etxola barrutik aldentzen.

Moises Jaunarekin mintzo

12 Moisesek esan zion Jaunari:— Begira, zuk herri hau gidatzeko esaten didazu, baina ez didazu esaten nor bidaliko didazun laguntzeko. Esan didazu nitaz fio zarela ere eta gogoko nauzula.

13 Hori egia bada, ager iezazkidazu zeure asmoak; horrela jakingo dut egiaz gogoko nauzula. Kontuan izan gero, herri hau zeure herri duzula.

14 Jaunak esan zion:—Ni neu joango naiz zurekin eta atseden emango dizut.

15 Moisesek erantzun zion:—Zeu gurekin ez etortzekotan, ez gaitzazu hemendik abiarazi.

16 Nola jakin zeure herri hau eta neu gogoko gaituzula, zu zeu gurekin ez bazatoz? Horrela bakarrik izango baikara zure herri hau eta ni beste herriak ez bezalakoak.

17 Jaunak esan zion:—Esan duzun hori ere egingo dut, gogoko baitzaitut eta fio bainaiz zutaz.

Moisesek Jaunari bera ikustea eskatu

18 Moisesek erregutu zion Jaunari:—Erakustazu, otoi, zeure aintza.

19 Jaunak erantzun zion:—Neure on guztia igaroaraziko dut zure aurretik eta neure izena hots egingo: «Jauna». Nik mesede egin nahi diodanari egiten diot mesede, eta gupida izan nahi diodanari izaten gupida.

20 Baina nire aurpegia ez zenezake ikus, ez bainazake gizakiak ikus eta bizirik iraun.

21 Ondoren, Jaunak esan zion:—Hona hemen leku bat nire ondoan; zaude zutik harkaitz gainean.

22 Nire aintza igarotzean, harkaitz-zuloan sartuko zaitut eta nire eskuz estaliko, ni igaro arte.

23 Gero, eskua kenduko dut, eta bizkarraldea ikusi ahal izango didazu; baina ene aurpegia ez daiteke ikus.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40