Irteera 17 EAB

Masa eta Meribako urak

1 Israeldarren elkarte osoa, Jaunaren agindura, Sin basamortutik abiatu zen, geldiuneak eginez. Refidimen ezarri zuten kanpalekua, baina ez zen han urik herriak edateko.

2 Orduan, aurpegi eman zioten Moisesi, esanez:—Emaguzu ura edateko!Moisesek erantzun zien:—Zer dela eta ematen didazue aurpegi niri? Zergatik tentatzen duzue Jauna?

3 Baina egarri zen herria bazter hartan, eta marmarrean hasi zen Moisesen aurka, esanez:—Honetarako atera al gaituzu Egiptotik, geu, geure seme-alabak eta abereak egarriak hilarazteko?

4 Moisesek deiadar egin zion Jaunari:—Zer egin diezaioket herri honi? Ia-ia harrika egin didate!

5 Jaunak erantzun zion:—Pasa herriaren aurrealdera, eta hartu zeurekin zenbait herri-arduradun. Hartu eskuan Nilo ibaia jotzeko erabili zenuen makila, eta zoaz.

6 Han izango nauzu ni, Horeb mendiko harkaitzean. Harkaitza jo eta ura sortuko da, herriak edan dezan.Hala egin zuen Moisesek, Israelgo arduradunen aurrean.

7 Leku hari Masa eta Meriba —hau da, «Tentalekua» eta «Auzi-lekua»— eman zion izena, han berari aurpegi eman eta Jauna tentatu zutelako, esanez: «Jauna geurekin dugu, bai ala ez?»

Amalektarren aurkako gudua

8 Refidimen amalektarrek eraso zieten israeldarrei.

9 Orduan, Moisesek esan zion Josueri: «Aukeratu zenbait gizon eta atera amalektarren aurka borrokara. Bihar muinoaren gainean zutik egongo naiz ni, Jainkoaren makila eskuan».

10 Moisesek esan bezala egin zuen Josuek eta amalektarren aurka guduari ekin zion. Bitartean, Moises, Aaron eta Hur muinoaren gainera igo ziren.

11 Moisesek besoei goian eusten zienean, israeldarrak ziren garaile; behera erortzen zitzaizkionean, berriz, amalektarrak.

12 Moisesi besoak nekatu zitzaizkionean, harri bat hartu eta lurrean ipini zuten, bertan eser zedin. Gero, Aaronek eta Hurrek haren besoei eutsi zieten, alde banatatik. Honela, tinko iraun zuten Moisesen besoek, eguzkia sartu arte.

13 Eta Josuek amalektarrak garaitu zituen eta ezpataz garbitu.

14 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Idatzi hau liburuan oroigarri gisa, eta jakinarazi Josueri zeharo ezereztuko ditudala amalektarrak, ez dela munduan haien oroitzapenik ere geldituko».

15 Moisesek aldarea eraiki zuen eta «Jauna, nire bandera» ezarri zion izena,

16 esanez:«Jaunaren errege-aulkiarieraso diotelako,menderen mendetanborrokatuko da Jaunaamalektarren aurka».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40