Irteera 39 EAB

Apaiz-jantziak

1 Purpura more, gorri eta gorriminez egin zituzten santutegiko liturgi zerbitzurako jantziak. Aaronen jantzi sakratuak ere egin zituzten, Jaunak Moisesi agindu bezala.

Efoda

2 Efoda, urrez, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz egin zuten.

3 Urre-xaflak egin eta xaflak hari bihurtuz, purpura more, gorri eta gorrimina eta liho fina urre-hariz bordatu zituzten.

4 Bi sorbalda-babeski egin zizkioten efodari, bi ertzetatik lotzeko.

5 Ertzak lotzeko xingola efodari atxikia zegoen, eta, efoda bera bezala, urrez, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz egina, Jaunak Moisesi agindu bezala.

6 Onize harriak urre-begietan sartu zituzten, eta haietan Israelgo leinuen izenak zizelkatu, zigilu batean bezala.

7 Gero, efodaren sorbalda-babeskietan ipini zituzten, israeldarren oroigarri gisa, Jaunak Moisesi agindu bezala.

Bularrekoa

8 Epaiketarako bularrekoa artelanez egin zuten, efodaren gai berak erabiliz: urrea, purpura more, gorri eta gorrimina eta liho-hari bihurritua.

9 Bitan tolestatua zegoen eta karratua zen: hogeita bost zentimetro luze eta beste hainbeste zabal.

10 Lau errenkada-harribitxiz estali zuten: lehen errenkadan, kornalina, topazioa eta esmeralda;

11 bigarrenean, errubia, zafiroa eta beriloa;

12 hirugarrenean, opaloa, agata eta amatista,

13 eta laugarrenean, krisolitoa, onizea eta jaspea. Harribitxiok urre-begietan sartu zituzten.

14 Hamabi ziren Israelgo hamabi leinuen arabera; harribitxi bakoitzean izen bat zegoen zizelkatua, zigilu batean bezala.

15 Bularrekoari urre garbizko katetxoak egin zizkioten soka bihurrituen antzera.

16 Urre-harizko bi apaingarri eta urrezko bi eraztun egin eta bularrekoaren bi ertzei erantsi zizkieten;

17 urrezko bi katetxoak bularreko ertzen eraztunetan katigatu zituzten,

18 eta katetxoen muturrak urre-harizko bi apaingarriei itsatsi, efodaren sorbalda-babeskiei aurrealdetik lotuz.

19 Urrezko beste bi eraztun eginez, bularrekoaren beste bi muturrei erantsi zizkieten, barrualdetik, efodaren kontra dagoen aldetik.

20 Urrezko beste bi eraztun egin zituzten eta efodaren sorbalda-babeskien aurrealdeko barrenean, josturen ondoan, ipini, efodaren xingola baino goraxeago.

21 Bularrekoaren eraztunak efodarenei purpura morezko lokarriz lotu zizkieten, bularrekoa efodaren xingola baino gorago gelditzeko moduan eta efodari itsatsia, Jaunak Moisesi agindu bezala.

Beste jantzi sakratuak

22 Mantua purpura morez ehundua zen;

23 erdian buruarentzat zuloa zuen, eta zuloaren inguru-ertza bular-oskola bezain urraezina.

24 Mantuaren barreneko ertza purpura more, gorri eta gorriminezko granadaz apaindu zuten.

25 Urre garbizko txilinak ere egin zituzten, eta mantuaren inguru-ertz guztian granadekin tartekatu:

26 txilinak eta granadak, txandaka; liturgi zerbitzurako erabiltzen zen, Jaunak Moisesi agindu bezala.

27 Aaronentzat eta beronen semeentzat tunikak egin zituzten liho finez ehunduak;

28 baita liho finezko buruzapi eta kapela apainduak ere, eta liho-hari bihurrituzko galtzak;

29 gerrikoa purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz apain bordatua zen, Jaunak Moisesi agindu bezala.

30 Urre garbizko xafla, diadema sakratua, egin zuten, eta, zigilu batean bezala, hitz hauek idatzi bertan: «Jaunari sagaratua».

31 Gero, buruzapiaren gainean, aurrealdetik, purpura morezko lokarriz loturik ezarri zuten, Jaunak Moisesi agindu bezala.

32 Honela burutu zen egoitzaren, elkarketa-etxolaren, eraikuntza. Israeldarrek zehatz-mehatz egin zuten guztia, Jaunak Moisesi agindu bezala.

Egindako lan guztia Moisesi ekarri

33 Orduan, egindako guztia israeldarrek Moisesi aurkeztu zioten: egoitza, elkarketa-etxola eta hango tresneria: katigailu, ohol, zehar-egur, zutabe eta oinak;

34 gorriz tindaturiko ahari-larruzko estaldura, larru finezko estaldura, kutxa estaltzeko errezela;

35 itun-kutxa eta beronen hagak eta estalkia;

36 mahaia bere tresnekin eta Jaunari eskainiriko ogia;

37 urre garbizko argimutila, kriseiluak, lerrotan jarriak, hornigai guztiak eta argitarako olioa;

38 urrezko aldarea, gantzuketa-olioa, intsentsu usaintsua, etxolaren sarrerako oihala;

39 brontzezko aldarea bere brontzezko sarearekin, haren haga eta tresna guztiak, uraska eta oina;

40 atariko oihalak, zutabeak eta oinak, atari-sarrerako oihala, atariko sokak eta hesolak; elkarketa-etxolaren egoitzako zerbitzurako tresna guztiak;

41 santutegiko liturgi zerbitzurako jantziak, Aaron apaizaren jantzi sakratuak eta beronen semeen apaiz-zerbitzurako jantziak.

42 Jaunak Moisesi agindu bezala egin zituzten israeldarrek lan hauek guztiak,

43 eta, Jaunak agindu bezala zehatz-mehatz egin zituztela ikusirik, Moisesek israeldarrak bedeinkatu egin zituen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40