Irteera 14 EAB

Egiptoarrak israeldarren atzetik

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2 «Agindu israeldarrei itzultzeko eta Pi-Hiroten aurrean kokatzeko, Migdol eta itsasoaren artean, hau da, Baal-Tzefonen parean, itsasertzean.

3 Faraoiak uste izango du basamortuak bidea ixten diela eta israeldarrak noraezean dabiltzala.

4 Nik setatsu bihurtuko dut faraoia eta eraso egingo dizue; orduan erakutsiko dut neure ahalmen handia faraoiaren eta beraren gudarostearen kontura, eta horrela jakingo dute egiptoarrek ni naizela Jauna».Hala egin zuten israeldarrek.

5 Bitartean, israeldarrek ihes egin zutela Egiptoko erregeari jakinarazi ziotenean, faraoiak eta funtzionarioek, israeldarrekiko erabakiaz damuturik, honela ziotsoten elkarri: «Baina zer egin dugu? Nola utzi diegu geure esklabo israeldarrei alde egiten?»

6 Berehala, faraoiak bere guda-gurdia prestarazi zuen eta gudarostea bildu:

7 seiehun guda-gurdi berezi eta Egiptoko guda-gurdi guztiak eraman zituen, bakoitzean gudalburu bat zihoala.

8 Jaunak setatsu bihurtu zuen faraoia eta honek eraso egin zien israeldarrei, hauek libre ateratzen ziren bitartean.

9 Egiptoarrak israeldarrei erasotzera atera ziren beren zaldi, gurdi, zaldun eta gudaroste osoaz, eta itsasbazterrean harrapatu zituzten, Pi-Hiroten ondoan, Baal-Tzefonen parean.

Israeldarrak egiptoarren beldur

10 Faraoia hurbil zen. Israeldarrak, egiptoarrak atzean zituztela ohartzean, izutu eta oihuka hasi zitzaizkion Jaunari.

11 Moisesi esan zioten:—Ez ote zegoen hilobirik aski Egipton, gu handik atera eta basamortuan hiltzera ekartzeko? Zergatik atera gaituzu Egiptotik?

12 Hain zuzen, hauxe eskatu genizun Egipton geundela: «Utzi egiptoarrentzat lanean jarraitzen. Hobe dugu hemen esklabo izan, basamortuan hil baino».

13 Baina Moisesek erantzun zien:—Ez izan beldur! Eutsi eta ikusiko duzue nola salbatzen gaituen gaur Jaunak: zeren orain ikusten dituzuen egiptoarrak ez dituzue gaurgero ikusiko.

14 Jauna borrokatuko da zuen alde. Zuek egon lasai!

Jainkoak israeldarrak salbatu

15 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Zergatik ari zatzaizkit oihuka? Agindu israeldarrei egiteko aurrera.

16 Eta zuk altxa makila eta luzatu eskua itsaso gainera: banatu egingo da itsasoa eta herriak oinak busti gabe zeharkatuko du.

17 Nik setatsu bihurtuko ditut egiptoarrak eta atzetik segituko dizuete; orduan agertuko dut neure ahalmen handia faraoiaren eta beraren gudarostearen kontura, haien gurdi eta zaldunen kontura.

18 Hori gertatzean, jakingo dute egiptoarrek ni naizela Jauna».

19 Israeldarren kanpamendu aurretik zihoan Jainkoaren aingerua atzealdera pasatu zen; laino-adarra ere lekuz aldatu eta atzealdean kokatu zen,

20 israeldarren eta egiptoarren kanpamenduen tartean jarriz. Lainoa ilunpe bihurtu zen egiptoarrentzat, israeldarrei gaua argitzen zien bitartean; hala, ez ziren batzuek besteengana hurbildu.

21 Luzatu zuen Moisesek eskua itsaso gainera eta, Jaunak eraginda, ekialdeko haize indartsuak jo zuen gau osoan. Haizeak itsasoa lehortu egin zuen, urak bi multzotan banatuz.

22 Itsasoan zabaldutako lehor-bidetik igaro ziren israeldarrak, urak ezker-eskuin zituztela harresi gisa.

23 Egiptoarrak, faraoiaren zaldi, gurdi eta zaldun guztiak, israeldarrei erasoka itsas erdiraino sartu ziren.

24 Goizaldera, su- eta laino-adarretik Jaunak egiptoarren kanpamendura begiratu eta nahasmendua sorrarazi zuen haien artean.

25 Gurdien gurpilak trabatu zituen, nekez mugitzen zirela utziz. Orduan, egiptoarrek esan zuten: «Goazen ihesi israeldarrengandik, Jauna ari baita haien alde eta gure aurka».

26 Baina Jaunak esan zion Moisesi: «Luzatu eskua itsaso gainera, urak egiptoarren gainera, gurdi eta zaldunen gainera, eror daitezen».

27 Luzatu zuen Moisesek eskua itsaso gainera. Eguna zabaltzean, urak ohiko lekura itzuli ziren eta egiptoarrek, ihesian, urekin tupust egin zuten: Jaunak itsas hondora amildu zituen egiptoarrak.

28 Beren lekura itzultzean, urek estali egin zituzten, israeldarrei erasoka itsasoan sartu ziren faraoiaren gurdi eta zaldunak, gudaroste osoa: ez zen bakar bat ere bizirik atera.

29 Israeldarrak, ordea, itsas erditik oinik busti gabe igaro ziren, urak ezker-eskuin zituztela harresi gisa.

30 Egun hartan Jaunak egiptoarren eskuetatik salbatu zituen israeldarrak eta hauek egiptoarren gorpuak ikusi zituzten itsasbazterrean.

31 Jaunak Egiptoren aurka erabili zuen ahalmen handia ikusirik, israeldarrek begirune izan zioten Jaunari, eta harengan eta haren zerbitzari Moisesengan beren uste ona jarri zuten.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40