1 Lebiren leinuko gizaseme bat leinu bereko emakume batekin ezkondu zen.
2 Haurdun gelditu zen emaztea eta semea izan zuen. Haurra ederra zela ikusirik, gordeta eduki zuen hiru hilabetez;
3 baina, luzaroago gordeta eduki ezinik, zumitzezko saski bat hartu eta, zirrikituak galipotez eta bikez estalirik, haurra bertan sartu zuen eta Nilo ibaiertzean utzi kanaberen artean.
4 Haurraren arreba urruti gelditu zen, zer gertatuko begira.
5 Geroxeago, faraoiaren alaba ibaira etorri zen bainatzera; bitartean, neskameak ibai ondoan zebiltzan. Faraoiaren alabak saskia ikusi zuen kanabera artean, eta neskameetako bat bidali zuen haren bila.
6 Ireki eta mutikoa ikusi zuen negarrez. Faraoiaren alabak, errukiturik, esan zuen:—Hebrearren haurra da, noski.
7 Orduan, haurraren arrebak esan zion:—Nahi al duzu hebrear inude baten bila joatea, haurra hazteko?
8 —Zoaz —erantzun zion faraoiaren alabak.Neskatxak haurraren amari deitu zion.
9 Heldu zenean, faraoiaren alabak esan zion:—Hartzazu haurra eta hazi, eta neuk ordainduko dizut.Emakumeak haurra hartu eta hazi egin zuen.
10 Handi egin zenean, faraoiaren alabari eraman zion. Honek semetzat hartu eta Moises ezarri zion izena, esanez: «Uretatik atera dut».
11 Behinola, jadanik heldua zelarik, bere anaia hebrearrengana joan zen Moises eta lan neketsuetan aurkitu zituen. Eta han ikusi zuen egiptoar bat hebrear anaia bat jipoitzen.
12 Alde batera eta bestera begiratu eta inor ez zegoela ikusirik, egiptoarra hil eta hondarpean ezkutatu zuen.
13 Biharamunean berriro atera zen, eta bi hebrear ikusi zituen elkar joka. Orduan, joka ari zenari galdegin zion:—Zergatik jotzen duk herritarra?
14 Hark erantzun zion:—Nork jarri hau hi gure arteko buruzagi eta epaile? Ala hil egin behar ote nauk ni ere, egiptoarra bezala?Beldurtu egin zen Moises, arazoa ezaguna zela pentsatuz.
15 Hain zuzen, faraoia, gertatuaren berri jakin zuelarik, Moises hil nahian zebilen, baina honek faraoiagandik ihes egin zuen eta Madian eskualdera joan zen bizitzera. Han, putzu baten ondoan eseri zen.
16 Bazen Madianen zazpi alaba zituen apaiz bat. Hauek putzura joan ziren, aska bete eta aitaren ardiei edaten ematera.
17 Etorri ziren, ordea, artzain batzuk eta bota egin zituzten handik. Moises, orduan, nesken alde atera zen eta ardiei edaten eman zien.
18 Alabak beren aita Reuelengana itzuli zirenean, honek galdegin zien:—Nolatan zatozte gaur hain goiz?
19 Haiek erantzun:—Egiptoar batek defendatu gaitu artzainen kontra. Gainera, berak atera digu putzutik ura eta ardiei edaten eman.
20 Aitak esan zien:—Eta non da bera? Nola utzi diozue joaten? Dei egiozue zerbait jan dezan.
21 Orduz gero, Moises Reuelen etxean gelditu zen bizitzen. Reuelek bere alaba Tzipora eman zion emaztetzat.
22 Emazteak semea izan zuen eta Moisesek Gerxom —hau da, «Etorkin hemen»— eman zion izen, esanez: «Etorkin bilakatu naiz lurralde arrotzean».
23 Aldi luze baten ondoren, hil egin zen Egiptoko erregea. Israeldarrek, bitartean, intziri eta deiadarka ziharduten esklabotzapean. Haiek esklabotzaren barrendik laguntza eske eginiko garrasia Jainkoarenganaino iritsi zen.
24 Aditu zuen Jainkoak haien negar-zotina, Abraham, Isaak eta Jakobekin egindako ituna gogora ekarriz.
25 Begiratu zien israeldarrei eta haienganako ardura hartu zuen.