1 Jaunak esan zion Moisesi: «Ebaki lehengoak bezalako beste bi harlauza, hautsi zenituen harlauzetan idatzirik zeuden hitz berberak idatz ditzadan.
2 Egon prest bihar goizean mendira igotzeko; nire aurrean aurkeztuko zara han, mendi-gailurrean.
3 Ez dadila inor zurekin igo, ezta agertu ere mendi aldera; ez dadila ardi nahiz behirik larrean ibil mendi inguruan».
4 Moisesek lehengoak bezalako bi harlauza ebaki zituen. Eta biharamunean, goizean goiz, harlauza biak harturik, Sinai mendira igo zen, Jaunak agindu bezala.
5 Orduan, Jainko Jauna laino batean jaitsi eta Moisesekin egon zen, eta bere izena hots egin zuen: «Jauna».
6 Moisesen aurretik igaro zen, honela hots eginez: «Jauna! Jauna! Jainko bihozbera eta errukiorra, haserregaitza eta onginahiz eta leialtasunez betea!
7 Mila belaunalditaraino onginahiari eusten diona; gaiztakeria, errebeldia eta bekatua barkatzen dituena; ez, ordea, erruduna zigor gabe uzten, baizik eta gurasoen gaiztakeria seme-alabengan eta seme-alaben seme-alabengan zigortzen duena, hirugarren eta laugarren belaunaldiraino».