18 Atari-sarrerako oihala purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz apain bordatu zuen. Hamar metro luze zen eta bi metro eta erdi gora, atariko oihalak bezala.
19 Lau zutabe eta lau oinak brontzezkoak ziren, eta kakoak zilarrezkoak; zutabe-gainak eta ziriak, berriz, zilarrez estaliak.
20 Egoitzako eta inguratzen zuen atariko hesola guztiak brontzezkoak ziren.
21 Hona hemen itunaren egoitza eraikitzeko erabilitako metalen kontua, Moisesen aginduz eta Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean lebitarrek jasorikoa.
22 Juda leinuko Betzalelek, Uriren seme eta Hurren bilobak, Jaunak Moisesi aginduriko guztia egin zuen.
23 Dan leinuko Ahisamaken seme Oholiab izan zuen lankide: artelanak asmatzen eta egiten trebea eta purpura more, gorri eta gorrimina eta liho fina bordatzen ikasia.
24 Santutegiko lanetan erabilitako urrea, israeldarrek Jaunari oparitzat aurkezturikoa, bederatziehun eta hirurogeita bosten bat kilo izan zen, santutegiko pisu-neurriaren arabera.