21 Hona hemen itunaren egoitza eraikitzeko erabilitako metalen kontua, Moisesen aginduz eta Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean lebitarrek jasorikoa.
22 Juda leinuko Betzalelek, Uriren seme eta Hurren bilobak, Jaunak Moisesi aginduriko guztia egin zuen.
23 Dan leinuko Ahisamaken seme Oholiab izan zuen lankide: artelanak asmatzen eta egiten trebea eta purpura more, gorri eta gorrimina eta liho fina bordatzen ikasia.
24 Santutegiko lanetan erabilitako urrea, israeldarrek Jaunari oparitzat aurkezturikoa, bederatziehun eta hirurogeita bosten bat kilo izan zen, santutegiko pisu-neurriaren arabera.
25 Elkartearen errolda egitean bildutako zilarra hiru mila hirurehun eta hemeretzi kilo izan zen, santutegiko pisu-neurriaren arabera;
26 erroldan hogei urtez gorakoak seiehun eta hiru mila bostehun eta berrogeita hamar lagun izan ziren, eta bakoitzak bost gramo zilar eman zuen, santutegiko pisu-neurriaren arabera.
27 Hiru mila eta hirurehun kilo santutegirako eta errezel-zutabeen oinak urtzeko erabili ziren: oin bakoitzeko hogeita hamahiru kilo.