23 Eta oparigaiak erre bitartean, apaizek otoitz egin zuten, baita bertan zen jendeak ere apaizekin batera. Jonatanek ematen zuen hasiera, eta gainerakoek, Nehemiasek ere bai, erantzun.
24 Hona hemen otoitza: “Jauna, Jainko Jauna, gauza guztien egilea, izugarria, indartsua, zuzena, errukitsua; zu zara errege bakarra, zu on bakarra.
25 Zu zara emaile bakarra, zu zuzen bakarra, ahalguztiduna eta betikoa! Zuk salbatzen duzu Israel gaitz orotatik. Zuk hautatu zenituen gure arbasoak eta santu egin.
26 Onartzazu zeure herri Israel osoaren alde eskaintzen dizugun oparia. Zaindu zeure ondare hau eta egin santu.
27 Bil itzazu sakabanatuak dauden gutarrak, askatu jentilen artean esklabo daudenak, begira onez arbuiatuak eta higuingarritzat bazterturik daudenak. Eta horrela, jakin dezatela nazio guztiek zu zarela gure Jainkoa.
28 Zigor itzazu zapaltzen eta harrokeriaz iraintzen gaituztenak.
29 Landatu zeure herria zeure toki santuan, Moisesek esan bezala”.