1 Hiru urteren buruan, Judasek eta beronen gizonek jakin zuten Seleukoren seme Demetrio Tripoliko portura heldu zela gudari-talde handi batekin eta ontziteriarekin.
2 Eskualde hartaz jabeturik, hilarazi egin zituen Antioko eta Lisias beronen hezitzailea.
3 Bazen Alkimo izeneko bat, antzina apaiz nagusi izana, baina Makabearrak asaldatu ziren garaian bere gogoz kutsatua. Berarentzat inolako salbamenik ez zegoela pentsatuz eta aldare santura ezin izango zela berriro hurbildu,
4 Demetrio erregeagana joan zen ehun eta berrogeita hamaikagarren urte inguruan, eta urrezko koroa, palmadarra eta tenplura eraman ohi direnak bezalako olibondo-adarrak eskaini zizkion. Egun hartan ez zuen besterik egin.
5 Baina aurkitu zuen Alkimok abagune ederra bere erokeriarentzat, Demetrio erregeak biltzarrera deitu eta juduen erabaki eta asmoei buruz galdetu zionean.
6 Alkimok erantzun zion: «Asidear izeneko juduek, Judas Makabearra buru dutela, guduak eta gatazkak pizten dituzte eta ez diote erreinuko jendeari bakean bizitzen uzten.
7 Horregatik, neure arbasoengandik nuen apaizgo nagusia kendu zidaten arren, hemen natorkizu;
8 lehenbizi, erregearen interesek egiaz axola didatelako eta, bigarren, gure herritarren egoerak kezkatzen nauelako. Izan ere, lehen aipatu dizkizudan gizonen erokeriengatik asko sufritzen ari da gure herri osoa.
9 Beraz, jakin ezazu xehetasun guztiz arazo horren berri, oi errege, eta zaindu gure herrialdea, arriskuan dagoen gure nazioa, denei eskaintzen diezun onginahi zabal horrekin.
10 Bestela, Judas bizirik den bitartean, ezin izango du estatuak bakerik iritsi».
11 Alkimok hori esatean, erregearen beste adiskideak Demetrio gehiago berotzen lehiatu ziren, gorrotoa baitzioten Judasi.
12 Erregeak berehala Nikanor, elefante-sailaren gudalburua, Judeako gobernari izendatu eta bidali egin zuen,
13 Judas hil, beronen lagunak sakabanatu eta Jerusalemgo tenplu handiko apaiz nagusi Alkimo izendatzeko agindua emanik.
14 Judasengandik ihesi joanak ziren Judeako jentilak multzoka bildu zitzaizkion Nikanorri, juduen zoritxar eta hondamena beraien onerako izango zirelakoan.
15 Jakin zuten juduek Nikanor gudarostearekin hurbiltzen ari zela eta jentilak erasoka zetozela. Orduan, buru gainera hautsa bota eta otoitz egin zioten Jaunari, Israel herria betiko ezarri eta, agerpen miresgarriak eginez, beti zaintzen duenari.
16 Buruzagiak agindurik, atera eta Desau herrixka ondoan ekin zioten etsaien aurka borrokari.
17 Judasen anaia Simon ere borrokan ari zen Nikanorren kontra; baina etsaiak ustekabean etorri eta makurraldi txiki bat izan zuen Simonek.
18 Hala ere, Nikanorrek jakin zuen nolakoa zen Judasen gudarien ausardia eta nolako adorez borrokatzen ziren beren aberriaren alde, eta beldur izan zen arazo hura odola isuriz erabakitzeko.
19 Horregatik, Posidonio, Teodoto eta Matatias bidali zituen, juduekin bakeak egitera.
20 Proposamenak arretaz azterturik, buruzagia gudarostearekin mintzatu eta ontzat hartu zuten denek hitzarmena egitea.
21 Eta buruzagiek bakarrean elkar ikusteko eguna izendatu zuten. Egun horretan, gudaroste bakoitzak guda-gurdi bana aurrerarazi eta ohorezko jarlekuak ezarri zituzten.
22 Judasek ipiniak zituen gudari armatuak toki egokietan, etsaiek ustekabean eta amarrukeriaz erasotzen bazuten ere. Baina bat etorriz bukatu zen elkarrizketa.
23 Nikanor Jerusalemen gelditu zen aldi batez, inolako arazorik sortu gabe. Gainera, multzoka bildu izan zitzaion jendea bidali egin zuen.
24 Maiz ikusten zuten elkar Judasek eta biek; Judas oso begiko gertatu zitzaion.
25 Ezkondu eta seme-alabak izan zitzala esan zion. Ezkondu zen, bada, Judas eta lasai bizi izan zen, beste edozein bezala.
26 Nikanorrek eta Judasek elkar ongi hartzen zutela ikustean, Alkimo hitzarmenaren kopia eskuratu eta Demetrio erregeagana joan zen. Nikanor gobernuaren interesen aurka zebilela salatu zion, erreinuaren etsai zen Judas bere ondorengo izendatu zuelako.
27 Maltzur haren salaketak beroturik, erregeak, bere onetik aterata, Nikanorri idatzi zion: egindako hitzarmenagatik haserre zegoela esaten zion eta Makabearra katez lotua berehala Antiokiara bidaltzeko agintzen.
28 Mezu hau hartzean, lur jorik gelditu zen Nikanor. Izan ere, ez zitzaion buruan sartzen inolako okerrik egin ez zuen gizon harekin sinaturiko hitzarmena hautsi beharra.
29 Baina erregeari kontra egin ezin zionez, agindua azpikeriaren batez bete ahal izateko abagune bila zebilen.
30 Makabearra, ordea, ohartu zen Nikanorrek hotzago hartzen zuela eta beren arteko harremanak ez zirela lehen bezain beroak; hoztasun horrek deus onik ez zuela esan nahi igarri zion. Orduan, bere aldeko asko bildurik, Nikanorrengandik ezkutatu egin zen.
31 Judasek hain trebeki ihes egin ziola konturatzean, apaizak ohiko sakrifizioak eskaintzen ari zirela, tenplu txit handi eta santura joan eta gizon hura eskura emateko agindu zien Nikanorrek.
32 Apaizek zin egin zioten ez zekitela non zen bila zebilen gizona.
33 Orduan, Nikanorrek, besoa tenplurantz luzatu eta zin hau egin zuen: «Judas katez lotua ematen ez badidazue, birrindu egingo dut Jainkoaren toki sakratu hau, aldarea xehatu, eta toki honetan bertan Dionisosi eraikiko diot jauretxe bikaina!»
34 Hau esanik, alde egin zuen.Apaizek, besoak zerurantz jasorik, otoitz hau egin zioten gure herriaren alde beti bikain borrokatu den Jainkoari:
35 «Ezeren beharrik ez duzun arren, Jauna, zeuk nahi izan duzu zure bizilekua den tenplu hau gure artean egotea.
36 Oraingoan ere, santu bakarra zaren Jaun horrek, zaindu garbi kutsu guztietatik garbitu berria den etxe hau».
37 Bazen Razis izeneko gizon bat, Jerusalemgo arduradunetakoa, abertzale jatorra eta oso estimatua. Juduentzat hain ona zelako, «juduen aita» deitu ohi zioten. Gizon hura salatu egin zuten Nikanorren aitzinean.
38 Makabearrak asaldatu aurreko garaietan, juduzale izana eta judu-erlijioaren alde etengabe eta gogotsu borrokatua zen.
39 Juduen kontra zuen amorrua aditzera eman nahirik, berrogeita hamar gudari baino gehiago bidali zituen Nikanorrek Razis harrapatzera,
40 gizon hura atxilotuz, juduei kalte handia egingo ziela pentsatuz.
41 Nikanorren gudari-taldea dorrea hartzeko zorian zegoen; atariko atea behartzen ari ziren, eta ateei su eman eta erretzeko agindua zuten. Alde guztietatik inguratua zegoela ikusirik, Razisek ezpata gainera bota zuen bere burua.
42 Nahiago izan zuen gizonki hil, gaizkile haien eskuetan erori eta bere nobleziari ez zegozkion irainak jasan baino.
43 Baina, istilu hartako zalapartagatik, huts egin zuen kolpea. Une hartantxe ari zen sartzen gudari-taldea atetik. Orduan, Razisek harresira lasterka igo eta gudarien gainera bota zuen bere burua gizonki.
44 Denek atzera egin zuten berehala, eta denen aurrean gelditu zen tartean jo zuen lurra Razisek.
45 Hala ere, bizirik zegoen eta, adorez beterik, jaiki egin zen, odola parrastaka zeriola. Larri zauritua egon arren, gudarien artetik lasterka igaro eta harkaitz maldatsu baten gainera igo zen.
46 Ia erabat odolusturik, bere hesteak atera, bi eskuz hartu eta gudarien gainera jaurti zituen. Eta arnasa eta bizia berriro itzultzeko bizi-arnasaren Jabeari eskatuz hil zen.