2 Makabearrak 7 EABD

Zazpi anaien martiritza

1 Beste batean, zazpi anaia atxilotu zituzten beren amarekin. Legeak debekatua duen txerrikia jatera behartu nahirik, idiaren zainez egindako zartailuz zigorkatu zituen erregeak.

2 Haietarik batek, denen izenean mintzatuz, zioen: «Zer galdetzen diguzu? Zer jakin nahi duzu guregandik? Nahiago dugu hil, gure arbasoen legeak hautsi baino».

3 Erabat amorraturik, zartaginak eta pertzak sutan jartzeko agindu zuen erregeak.

4 Ontziak sutan jarri zituztelarik, denen izenean mintzatu zenari, anaien eta amaren aurrean, mihia moztu, burua larrutu eta esku-oinak mozteko agindu zuen.

5 Mutila ezertarako gauza ez zela gelditu zenean, artean bizirik, sutara hurbildu eta zartaginera botatzeko agindu zuen erregeak. Zartaginetik lurruna ugari zabaltzen zen bitartean, ama-semeek elkarri adore ematen zioten kementsu hiltzeko. Hau zioten:

6 «Begira dugu Jainko Jauna eta zinez errukitzen zaigu, Moisesek bere kantuan argi aitortu zuen bezala: “Errukituko zaie bere zerbitzariei”».

7 Lehenengoa horrela hil zenean, bigarrena eraman zuten zigorkatzera. Buruko larrua ile eta guzti kendu ondoren, galdetu zioten: «Jango al duk okela hau, hire gorputza atalez atal torturatu baino lehen?»

8 Hark, bere arbasoen hizkuntzan, erantzun zien: «Ez!»Orduan, hura ere lehenengoa bezala torturatu zuten.

9 Azken arnasa ematerakoan, esan zuen: «Zuk, gaizkile maltzur horrek, oraingo bizia kentzen diguzu; baina munduaren Erregeak betiko bizirako piztuko gaitu, beraren legeengatik hiltzen garenok».

10 Honen ondoren, irainka eta iseka hasi ziren hirugarrenarekin. Mihia ateratzeko agindu ziotenean, berehala atera eta besoak ere luzatu egin zituen ausarki.

11 Eta esan zien gizonki: «Jainkoak eman zizkidan gorputz-atal hauek beraren legeengatik gutxiesten ditut. Eta badakit, berarengandik hartuko ditudala berriro».

12 Erregea eta beronekin zeudenak harrituak gelditu ziren gazte haren ausardiaz, huskeriatzat baitzituen oinaze-minak.

13 Hirugarrena hil zenean, oinaze berberaz torturatu zuten laugarrena.

14 Hiltzear zegoela, esan zuen: «Merezi du giza eskuz hiltzeak, Jainkoak berpizteko itxaropena ematen digunean. Zuk, ordea, ez duzu bizirako berpizterik izango».

15 Ondoren, bosgarrena ekarri eta torturatu zuten.

16 Erregeari so eginez, esan zion: «Zuk, hilkorra izan arren, nahi duzuna egin ohi duzu, gizon-emakumeen gain aginpidea duzulako. Baina ez uste izan Jainkoak gure herria eskutik utzi duenik.

17 Itxaron eta ikusiko duzu beraren indar handia. Berak torturatuko zaituzte zu eta zure ondorengoak».

18 Gero, seigarrena ekarri zuten. Hiltzear zegoela, hau zioen: «Ez engainatu zoro-zoro zeure burua. Gu geure erruz ari gara hau guztia jasaten, geure Jainkoaren kontra bekatu egin dugulako. Horregatik gertatu zaizkigu gauza harrigarri hauek.

19 Baina ez uste izan zu ere zigorrik gabe geldituko zarenik, Jainkoari gerra egiteko ausardia izan duzu eta».

Seme gazteenaren eta amaren martiritza

20 Zinez miresgarria eta gogoangarria, ama izan zen. Egun berean zazpi semeak hiltzen ikusi eta bihotz handiz jasan zuen dena, bere itxaropena Jaunarengan jarria zuelako.

21 Seme bakoitzari indarra ematen zion bere hizkuntzan. Sentipen bikainez betea eta gizonezkoarena bezalako indarrez, emakume hark ziotsen:

22 «Nik ez dakit nola agertu zineten nire erraietan; ez nizuen nik arnasa eman, ez bizia ere, eta zuetako bakoitzaren gorputza ez nuen nik eratu.

23 Diren guztien Egileak egin du gizon-emakumeen izatea eta sorrarazi ditu gauza guztiak. Berak itzuliko dizkizue bere errukiaz arnasa eta bizia, zeuen buruak ematen baitituzue orain beraren legeengatik».

24 Emakumea isekaz ari zitzaiola eta hitz haiek irainak zirela uste izan zuen Antiokok. Oraindik bizirik zegoen txikiena. Berari mintzatuz, konbentzitu egin nahi zuen Antiokok, eta zin egin zion aberats eta guztiz zoriontsu bihurtuko zuela, bere adiskidetzat hartu eta kargu handiak emango zizkiola, baldin eta bere arbasoen ohiturei uko egiten bazien.

25 Mutikoak kasurik ere egiten ez zionez, amari dei egin eta mutikoa iritziz aldarazteko eskatu zion erregeak, horrela salba zedin.

26 Luze hitz egin ondoren, amak onartu zuen semeari aholkuak ematea.

27 Berarengana makurtu eta, errege anker hura engainatuz, esan zion amak semeari bere hizkuntzan: «Ene seme, erruki nitaz. Bederatzi hilabetez eraman zintudan sabelean, hiru urtez eman nizun bularra, neuk hazi eta hezi zaitut gaurdaino, neuk eman nizun jaten.

28 Ene seme, otoi, begira zeru-lurretara eta ikus horietan dagoen guztia. Jakin Jainkoak hori guztia ezerezetik egin duela eta gizon-emakumeok ere era berean egin gaituela.

29 Ez izan, beraz, borrero horren beldurrik; ager zaitez anaien pareko, onartu heriotza, errukialdia etortzean zu ere anaiekin batera berriro aurki zaitzadan».

30 Ama hizketan ari zela, gazteak esan zuen: «Zeren zain zaudete? Nik ez dut egingo erregearen esana, Jainkoak Moisesen bidez gure arbasoei eman zien legearen esana baizik.

31 Baina zuk, hebrearroi hainbeste kalte egin diguzun horrek, ez duzu ihes egingo Jainkoaren eskutik.

32 Gu, egiaz, geure bekatuengatik ari gara sufritzen.

33 Gu zigortzeko eta zuzenarazteko haserretu da une batez Jauna; hala ere, adiskidetuko da berriro bere zerbitzariokin.

34 Baina zu, zital hori, gizonetan maltzurrena zaren hori, ez zaitez itxaropen hutsalez alferrik harrotu, Jainkoaren zerbitzarien kontra eskua jasoz.

35 Oraindik ez diozu ihes egin guztia ikusten duen Jainko ahalguztidunaren epaiari.

36 Une honetan, oinazealdi laburra jasan ondoren, Jainkoak hitzeman duen bukaerarik gabeko bizian parte dute nire anaiek. Zuk, aldiz, zure harrokeriak merezi duen zigorra jasan beharko duzu, Jainkoaren erabakiz.

37 Neure gorputza eta bizia ematen ditut, nire anaiek bezala, gure arbasoen legeengatik. Eta Jainkoari hau eskatzen diot: ager diezaiola lehenbailehen bere onginahia gure herriari eta zuk ere, oinaze eta zigorren eraginez, aitortu beharra izan dezazula bera dela Jainko bakarra.

38 Nire eta anaien heriotzaz, bare bedi gure herriaren kontra, ongi merezirik, Ahalguztidunak izan duen haserrea!»

39 Bere onetik irten eta iseka hura jasan ezinik, askoz ankerragoa izan zen erregea mutil harekin besteekin baino.

40 Hala, gazte hura ere legea hautsi gabe hil zen, uste osoa Jaunarengan ipinirik.

41 Azkenik, ama hil zuten semeen ondoren.

42 Aski bedi esan duguna, sakrifizioetan eskainitako okela janarazteko zigorrak zein neurrigabeak izan ziren adierazteko.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15