2 Makabearrak 13 EABD

Antioko V.ak Menelao hilarazi

1 Seleukotarren agintealdiko ehun eta berrogeita bederatzigarren urtean, Judasek eta beronen gizonek jakin zuten Antioko Eupator Judearen kontra zetorrela gudaroste handiarekin.

2 Harekin batera zetorren Lisias ere, erregearen hezitzaile eta gobernuburua. Ehun eta hamar mila oinezkoz, bost mila eta hirurehun zaldizkoz, hogeita bi elefantez eta gurpiletan igitaiak zituzten hirurehun gurdiz osaturiko gudarostea zekarten.

3 Menelao ere elkartu zitzaien eta, azerikeria handiz, zirikatu egin zuen Antioko, bere aberria salbatzeagatik ez, bera agintearen jabe egiteagatik baizik.

4 Baina erregeen Erregeak Antiokoren haserrea pitzarazi zuen gaizkile haren kontra. Izan ere, Lisiasek esana zion erregeari Menelao zela hondamen guztien erruduna. Orduan, Menelao Berea izeneko hirira eraman eta han bertako ohituren arabera hiltzeko agindu zuen erregeak.

5 Bazen hiri hartan hogeita bost metroko dorrea errautsez betea; dorreak jiragailu bat zuen, alde guztietatik isuria errautsetarantz zuela.

6 Lapurreta sakrilegoa nahiz beste hoben handiren bat egiten zuena hara bultzatu ohi zuten denek, hil zedin.

7 Horrelako zigorrez hil zen Menelao maltzur hura, eta lurrik ere ez zioten eman.

8 Bidezko zen horrela hiltzea, aldarearen aurka gaiztakeria asko egina baitzen, eta aldareko sua eta errautsa sakratuak baitira; horrela, errautsetan izan zuen heriotza.

Juduen garaipena Modinen

9 Antioko erregea asmo basatiz betea zetorren, juduak bere aitaren garaian baino askoz gogorrago tratatzeko gogoz.

10 Hori jakitean, gau eta egun Jaunari dei egiteko agindu zion Judasek bere gudarosteari, aurrekoetan bezala oraingoan ere lagun ziezaien. Izan ere, dena galtzeko arriskuan zeuden: legea, aberria eta tenplu santua.

11 Jaunari eskatu behar zioten, berriro arnasa hartzen hasia zen herria ez uzteko atzerritar biraolari haien esku.

12 Halaxe egin zuten denek batera: hiru egunez etengabe, hasperenka, baraurik eta lurrean ahuspezturik otoitz egin zioten Jaun errukitsuari. Ondoren, adoretu egin zituen Judasek eta prest egoteko agindu.

13 Arduradunekin biltzar berezia egin ondoren, ateratzea erabaki zuen, Antioko erregea Judean sartu eta Jerusalemez jabetu baino lehen arazo hura bukatzeko, Jaunaren laguntzaz.

14 Arazo haren irtenbidea diren guztien Egilearen esku utzirik, legeak, santutegia, hiriburua, aberria eta erakundeak defendatzeko gogotsu borrokatzera dei egin zien Judasek bere gizonei. Gero, Modin hiriaren inguruetan ezarri zuen kanpalekua.

15 Gizonei «Jainkoa garaile!» eman zien guda-deiadartzat eta, gudari gazte hoberenak harturik, erregearen kanpalekuari eraso zion gauez. Kanpalekuan bi mila gizon hil zituzten eta elefanterik handiena zauritu, beronen gidari eta guzti.

16 Kanpalekua ikaraz eta beldurrez bete ondoren, alde egin zuten garaile.

17 Biharamunean, eguna argitzean, dena bukatua zen, Jainkoak Judasi eman zion babesari esker.

Antioko V.ak hitzarmena egin juduekin

18 Juduen ausardia nolakoa zen ikusirik, amarrukeriaz hartu nahi izan zituen erregeak gotorlekuak.

19 Hurbildu zen Bet-Surrera, juduen gotorleku sendora, baina atzera eragin zioten, garaitua eta porrokatua utzirik.

20 Behar zutena helarazi zien Judasek barrukoei.

21 Baina judu-gudarosteko batek, Rodokok, isilpeko berriak eman zizkien etsaiei. Jakin zuten, ordea, saldukeria juduek; eta Rodoko harrapatu eta hil egin zuten.

22 Orduan, bigarren aldian hizketatu zen erregea Bet-Surrekoekin; bakeak egin eta joan zen. Gero, Judasen gudarosteari eraso zion, baina juduek garaitu egin zuten.

23 Bitarte horretan, erregeak Antiokian utzia zuen Filipo, bertako arazoen arduradun. Eta jakin zuen Filipo kontra jaiki zitzaiola. Izuturik, juduak deitu eta zin eginez, onartu egin zituen berauen baldintza bidezko guztiak eta, horrela, juduekin adiskidetu. Gero, oparia eskaini eta Jerusalemgo tenplua ohoratu zuen. Eskuzabal izan zen toki santuarekin

24 eta ongietorria egin zion Judasi. Ondoren, Ptolemaida eta Gerra hirien arteko lurraldearen gudalburu Hegemonida utzirik,

25 Ptolemaidara joan zen. Hiri hartakoak, ordea, oso minduak zeuden erregeak juduekin hitzarmen hura egin zuelako. Hain zeuden haserre, ezen hautsi egin nahi baitzuten hitzarmen hura.

26 Orduan, Lisiasek harmailara igo eta ahal bezain ongi defendatu zuen hitzarmena; irabazi zuen herriaren oniritzia, jendea baretu eta berauen onginahia bereganatu zuen. Gero, Antiokiara joan zen.Halaxe gertatu ziren erregearen guda-irtenaldia eta atzeraldia.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15