2 Makabearrak 5 EABD

ANTIOKO EPIFANESEN PERTSEKUZIOA (5,1—7,42)

Antiokoren bigarren gudaldia Egipton

1 Aldi hartan, Egiptoren kontra bigarren gudaldia egiteko prestatzen hasi zen Antioko.

2 Berrogeiren bat egunez, Jerusalem osoan ikuskariak gertatu ziren: airean lasterka urrez jantzitako zaldunak agertu ziren, sailetan banaturiko gudari-talde armatuak,

3 zaldun-taldeak guda-lerrotan antolatuak, oldarraldi eta erasoaldiak alde batetik eta bestetik, babeski astinduak, lantza-multzoak, jaurtitako geziak, urrezko gudari-jantzien distirak eta era guztietako bular-oskolak.

4 Ikuskari haiek gauza onak iragar zitzaten eskatzen zuten denek.

Jasonen azkena

5 Nahiz eta gezurra izan, Antioko hil zeneko zurrumurrua zabaldu zenean, Jasonek gutxienez mila gizon hartu eta bat-batean Jerusalemi eraso zion. Harresian zeudenei atzera eragin zien eta, azkenean, hiriaz jabetu. Menelao, orduan, gotorlekuan babestu zen.

6 Jason bere herritarrak hiltzen hasi zen errukirik gabe. Ez zen ohartzen bere senideen kontrako garaipena zela hondamendirik handiena. Herrikide zituenak ez, baizik eta etsaiak garbitzen ari zela uste zuen.

7 Hala ere, ez zuen aginterik eskuratu. Eta azkenean, egin zuen saldukeriaz lotsaturik, amondarren lurraldera baztertu zen berriro.

8 Haren jokaera gaiztoak honelako azkena izan zuen: atxilotu egin zuten arabiarren errege Aretasen jauregian. Gero, denek aurrean zeramatela, ihesi ibili behar izan zuen hiriz hiri. Denek arbuiatu zuten, lege-ukatzaile zelako; denek gorrotoa izan zioten, bere aberriaren eta herritarren zapaltzaile izan zelako, eta Egiptora bultzatu zuten.

9 Handik Espartara joan zen itsasoz, babeslekua aurkituko zuelakoan, hangoak juduen jatorri berekoak zirelako. Eta aberritik hainbeste lagun erbesteratu zuena, erbestean hil zen;

10 eta hainbeste jende hilobiratu gabe utzi zuen Jasoni ez zion inork ere negarrik egin, ezta inolako hiletarik ere, eta ez zuen tokirik izan bere arbasoen hilobian.

Antioko Epifanesek tenpluan lapurretak egin

11 Gertakari hauen berri izatean, Judea burujabetu nahian zebilela uste izan zuen Antioko Epifanesek. Horregatik, basapiztia bezala amorraturik, Egipto utzi eta Jerusalem hartu zuen armen indarrez.

12 Beren eskuetan eroriak errukirik gabe hiltzeko eta etxeetan gordetzen zirenei lepoa mozteko agindu zien gudariei.

13 Sarraskitu egin zituen gazte eta zaharrak, emakume eta haurrak suntsitu, neskatxa eta bularreko haurrei lepoa moztu.

14 Laurogei mila lagun galdu ziren hiru egunetan: berrogei mila ezpataz hilak eta gutxienez beste horrenbeste esklabo salduak.

15 Eta ez zuen hori aski izan; lurreko tenplurik santuenean sartzera ere ausartu zen, Menelao —legeak eta bere aberria saldu zituen hura— gidari zuela.

16 Bere esku kutsatuz hartu zituen ontzi sakratuak eta santutegi hura aberastu, edertu eta ohoratzearren aurreko erregeek eginiko emariak lapurtu.

17 Antioko harrotu egin zen bere baitan, eta ez zen ohartu, Jaun handia Jerusalemgo jendearen bekatuengatik zegoela alditxo batez haserre eta horregatik ez ziola begiratzen toki santuari.

18 Izan ere, juduak hainbeste bekatutan murgilduak egon izan ez balira, Antioko ere, heldu orduko, zigorkatu egingo zukeen Jaunak eta beraren ausardia makurrarazi, antzina Heliodoro bezala, Seleukok altxortegia ikertzera bidali zuen hartan.

19 Jaunak, izan ere, ez zuen herria tenpluarengatik aukeratu, tenplua herriarengatik baizik.

20 Horregatik, herriari gertaturiko zoritxarretan tenpluak ere parte izan zuen bezala, herriaren zorionetan ere halaxe izan zuen gero. Eta Jaun ahalguztidunak, haserretuta, eskutik utzia bazuen ere, berriro adiskidetu ondoren, bere edertasun osoan berriztatu zuen.

Herria zanpatua

21 Eta horrela, tenpluan berrogeita zortzi mila kilo zilar ebatsi ondoren, Antiokiara joan zen berehala Antioko. Bere harrokerian eta handiustean, lehorrean itsasontziz eta itsasoan oinez ibil zitekeela uste izan zuen.

22 Eta zenbait gobernari utzi zuen herriari kalte egiteko: Jerusalemen Filipo utzi zuen, jatorriz Frigiakoa, gobernari izendatu zuen Antioko bera baino basatiagoa;

23 Garizim mendian Androniko utzi zuen; eta batik bat, Menelao, besteak baino askoz gaiztoagoa bere herritarrentzat.Juduenganako gorrotoz beterik,

24 Misiako gudari alokatuen buruzagi zen Apolonio bidali zuen Antiokok Jerusalemera hogeita bi mila gizoneko gudarostearen buruzagi, sasoiko gizaseme guztiei lepoa mozteko, eta emakumeak eta haurrak esklabo saltzeko aginduz.

25 Heldu zen, beraz, Apolonio Jerusalemera eta, bake asmotan zetorren itxura eginez, geldi egon zen larunbata, egun santua, etorri arte. Juduek atseden-eguna zutela ikusirik, desfilea egiteko agindu zien gudariei.

26 Orduan, ikuskizun hura ikustera atera ziren guztiak hil egin zituen; eta, gainera, gudari armatuek, hirian barrena ibiliz, jendetza handia hil zuten.

27 Judas, Makabearra deitua, berriz, bederatzi lagunekin basamortura joan zen. Bera eta lagunak mendian bizi ziren basabereak bailiran. Belarra baizik ez zuten jaten, legeak debekatua janda ez kutsatzearren.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15