2 Makabearrak 10 EABD

Judasek tenplua garbitu eta kultua berriro eratu

1 Jaunaren gidaritzapean, Judasek eta beronen lagunek berreskuratu egin zituzten santutegia eta hiria.

2 Eta eraitsi egin zituzten atzerritarren hiriko plazan eraikitako aldare eta kultu-lekuak.

3 Tenpluaren garbikuntza egin ondoren, beste aldare bat eraiki zuten eta, suharriz sua pizturik, sakrifizioa eskaini zuten, bi urtez eskaini gabe egon ondoren. Intsentsua erre zuten, kriseiluak piztu eta eskainiriko ogiak mahaian ezarri.

4 Ohikune hauek egin ondoren, lurrean ahuspezturik, otoitz egin zioten Jaunari, berriro halako ezbeharretan erortzen ez uzteko eskatuz. Eta inoiz bekaturik egiten bazuten, zigor zitzala neurriz eta ez zitzala utzi jende biraolari eta arrotzaren esku.

5 Arrotzek tenplua profanatu zuten egun berean egin zuten tenpluaren garbikuntza, hau da, Kasleu deritzan hilaren hogeita bostean.

6 Etxola Jaia bezala, zortzi egunez ospatu zuten jai hura ere bozkarioz. Oroitzen ziren nola ospatu zuten, pixka bat lehentxeago, Etxola Jaia: basapiztiak bezala, mendian eta leize-zuloetan biziz.

7 Lorez apainduriko makilak, adar hezeak eta palmadarrak eskuetan zituztela, gorazarreak kantatzen zizkioten bere toki santuaren garbikuntza egitera eraman zituen hari.

8 Eta denak bat etorriz eta baietza emanez, jaiegun haiek judu-herri osoak urtero ospatzea erabaki zuten.

Antioko Eupator, bere aitaren ondorengo errege

9 Azaldu berria dugu nola hil zen Antioko, Epifanes deitua.

10 Orain, zital haren seme Antioko Eupatorren egintzak azalduko ditugu, beraren guduengatik gertatu ziren kalteak labur aipatuz.

11 Erregetza harturik, Antioko Eupatorrek Lisias izeneko bat —Koele-Siria eta Feniziako gobernaria— izendatu zuen gobernuburu.

12 Aurretik, Makron izeneko Ptolomeo izan zen gobernari bi lurralde haietan. Juduei zuzenbide egiten eta bakean gobernatzen saiatu zen lehena izan zen, ordu arte haien kontra egindako bidegabekerien ondoren.

13 Hori zela eta, erregearen adiskideek salatu egin zuten Ptolomeo Makron hura Antioko Eupatorren aurrean. Eta traidore zela etengabe entzun beharrean gertatu zen, Filometorrek ardurapean jarri zion Zipre utzi eta Antioko Epifanesen aldera igaro omen zelako. Horregatik, bere kargua ohorez eraman ezin zuela eta, hilgarria hartu eta bere burua galdu zuen.

Judasek Idumeako gotorlekuari eraso

14 Gorgias, lurralde haietako gobernari eginik, gudari atzerritarrak bildu eta juduei behin eta berriz erasotzen ari zen.

15 Aldi berean, idumearrek ere, gotorleku egokien jabe eginik, juduei eraso egiten zieten. Eta, Jerusalemdik ihesi joanei babesa emanik, gerra pizten ahalegintzen ziren.

16 Orduan, Makabearraren aldekoek, Jaunari otoitz egin eta guduan lagun izan zezatela eskatu ondoren, Idumeako gotorlekuen kontra jo zuten.

17 Oldarrean eraso eginik, gotorlekuez jabetu ziren juduak, harresietan borrokatzen zirenei atzera eragin ondoren. Lepoa mozten zieten harrapatutako guztiei. Gutxienez, hogei mila lagun hil zituzten.

18 Bi dorre sendo-sendotan, gutxienez, bederatzi mila lagun babestu ziren; inguraturik egon arren, bazuten irauteko behar den guztia.

19 Setio hura egiteko behar hainbat gizonekin Simon eta Jose, Zakeorekin batera, bertan utzirik, Judas Makabearra beste gotorleku batzuetara joan zen, besteak baino bizkorrago hartu behar zirenetara.

20 Dorretan inguratuak zeuden batzuek, ordea, erosi egin zituzten Simonen gizonak, diruzale baitziren hauek. Zilarrezko hirurogeita hamar mila txanpon hartu eta ihes egiten utzi zieten batzuei.

21 Gertatua jakitean, Makabearrak bildu zituen gudarosteko buruzagiak eta aurpegira bota zien errudunei, etsaiei ihes egiten utziz, beren senideak diruarengatik saldu izana.

22 Orduan, traidoreak hilarazi eta berehala hartu zituen bi dorreak.

23 Berak zuzendurik, gudukatzeak arrakasta izan zuen, eta hogei mila lagun baino gehiago hil zuen bi dorreetan.

Judasek Gazara hiria hartu

24 Lehenago juduak nagusitu zitzaizkion arren, Timoteo, atzerritar gudari-talde izugarria eta Asiatik ekarritako zaldi ugari bildu ondoren, Judea armen indarrez hartzeko asmotan agertu zen.

25 Etsaia hurbiltzean, Makabearraren aldekoek beren burura hautsa bota eta gerria jantzi latzez lotu zuten, Jainkoari otoitz eginez.

26 Eta aldarearen oinetan ahuspezturik, lagun ziezaiela eskatzen zioten Jainkoari: egin zedila beraien etsaien etsai eta aurkakoen aurkako, lege-liburuak argi erakusten duen bezala.

27 Otoitza bukatzean, armak hartu eta bide luzean ibili ziren hiritik kanpora; etsaiengana hurbildurik, gelditu egin ziren.

28 Egunsentiko lehen argi-izpia agertzean ekin zioten borrokari bi gudarosteek. Onik ateratzeko eta garaitzeko itxaropena, beren ausardiagatik ez ezik, Jaunarenganako konfiantzagatik zuten juduek; etsaiek, aldiz, beren amorrua zuten gidari borrokan.

29 Gatazka unerik gogorrenean zegoelarik, zerutiko bost gizon bikain agertu zitzaizkien etsaiei, urrezko hedeak zituzten zaldien gainean jarrita: juduen aurrean ipini ziren

30 eta, Makabearra erdian harturik, beren armez estali zuten. Horrela ezin zuen inork ere zauritu. Etsaiei, berriz, tximista-geziak jaurtitzen zizkieten. Orduan, itsutuak eta nahasiak, sakabanatu egin ziren etsaiak, izuturik.

31 Hogei mila eta bostehun oinezko eta seiehun zaldizko hil zituzten juduek.

32 Timoteok berak ere oso ongi defendatua zegoen hiri gotor batera, Gazara izenekora, egin zuen ihes. Kereas zen han agintari.

33 Makabearraren gizonek, adorez beterik, lau egunez eduki zuten inguratua gotorlekua.

34 Barrukoak, gotorlekua sendoa eta harrapaezina zelakoan, biraoka eta irainka ari zitzaizkien etengabe.

35 Bosgarren eguna argitzean, ordea, Makabearraren gudarosteko hogei gaztek, biraoengatik biziki haserreturik, harresi gainera gizonki jauzi egin eta aurrean jarri zitzaizkienak hil egin zituzten amorru biziz.

36 Era berean, beste batzuk ere, nahasmenduaz baliaturik, barrukoei kontra egitera igo ziren harresi gainera, eta su eman zieten dorreei. Su handiak piztu eta erre egin zituzten biraolariak. Beste batzuek ateak bota eta sarrera eman zioten juduen gudarosteari. Horrela, jabetu egin ziren hiriaz.

37 Putzu batean gordea zegoen Timoteori lepoa moztu zioten, baita beraren anaia Kereasi eta Apolofanesi ere.

38 Egintza hauek burutzean, gorazarrez eta kantuz goretsi zuten Jauna, Israeli hainbeste lagundu eta garaipena eman ziolako.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15