18 Hala ere, ez zuten Timoteo aurkitu toki hartan, handik alde egina baitzen ezer iritsi gabe; hala ere, gudari-talde oso sendoa utzi zuen.
19 Orduan, Makabearraren taldeko bi gudalburuk, Dositeok eta Sosipatrok, gotorlekuari eraso eta Timoteok han utzitako gizonak hil zituzten. Hamar mila baino gehiago ziren.
20 Makabearra, bere gudarostea gudari-taldetan banatu eta bakoitzari gudalburua ezarririk, Timoteori erasotzera abiatu zen. Timoteok ehun eta hogei mila oinezko eta bi mila eta bostehun zaldizko zituen berekin.
21 Judas hurbil zela jakinarazi ziotenean, Timoteok Karnion izeneko tokira bidali zituen emakumeak, haurrak eta tresneria; izan ere, toki hura menderaezina eta harrapaezina zen, hain ziren estuak lurralde hartako igarobide guztiak.
22 Judasen lehenengo gudari-taldea agertu orduko, beldurrak hartu zituen etsaiak eta izuturik gelditu ziren, dena ikusten duen Jainkoaren agerkundearen aurrean. Nor bere aldetik ihesi abiatu ziren denak, askotan beren artean elkar zaurituz eta ezpata-muturrez elkar zulatuz.
23 Judasek kemen handiz pertsegitu zituen eta gaizkile haiek ezpataz jo. Hogeita hamar mila inguru hil zituen.
24 Timoteo bera ere Dositeo eta Sosipatroren gudarien eskuetan erori zen. Baina libre eta onik joaten uzteko eskatu zien azerikeriaz, gudari haietako askoren guraso eta senideak bahituak zituela eta hil egingo zituztela esanez.