20 Makabearra, bere gudarostea gudari-taldetan banatu eta bakoitzari gudalburua ezarririk, Timoteori erasotzera abiatu zen. Timoteok ehun eta hogei mila oinezko eta bi mila eta bostehun zaldizko zituen berekin.
21 Judas hurbil zela jakinarazi ziotenean, Timoteok Karnion izeneko tokira bidali zituen emakumeak, haurrak eta tresneria; izan ere, toki hura menderaezina eta harrapaezina zen, hain ziren estuak lurralde hartako igarobide guztiak.
22 Judasen lehenengo gudari-taldea agertu orduko, beldurrak hartu zituen etsaiak eta izuturik gelditu ziren, dena ikusten duen Jainkoaren agerkundearen aurrean. Nor bere aldetik ihesi abiatu ziren denak, askotan beren artean elkar zaurituz eta ezpata-muturrez elkar zulatuz.
23 Judasek kemen handiz pertsegitu zituen eta gaizkile haiek ezpataz jo. Hogeita hamar mila inguru hil zituen.
24 Timoteo bera ere Dositeo eta Sosipatroren gudarien eskuetan erori zen. Baina libre eta onik joaten uzteko eskatu zien azerikeriaz, gudari haietako askoren guraso eta senideak bahituak zituela eta hil egingo zituztela esanez.
25 Bahitu guztiak onik itzularaziko zituela hitzeman zuen Timoteok, berriketa ugariz. Orduan, askatu egin zuten, senide haiek salbatu nahiz.
26 Judas Karnionera itzuli zen, Atergateion izeneko jauretxera, eta han hogeita bost mila gizon hil zituen.