24 Timoteo bera ere Dositeo eta Sosipatroren gudarien eskuetan erori zen. Baina libre eta onik joaten uzteko eskatu zien azerikeriaz, gudari haietako askoren guraso eta senideak bahituak zituela eta hil egingo zituztela esanez.
25 Bahitu guztiak onik itzularaziko zituela hitzeman zuen Timoteok, berriketa ugariz. Orduan, askatu egin zuten, senide haiek salbatu nahiz.
26 Judas Karnionera itzuli zen, Atergateion izeneko jauretxera, eta han hogeita bost mila gizon hil zituen.
27 Etsaiak menderatu eta suntsitu ondoren, Judasek Efronera zuzendu zuen bere gudarostea; hiri gotor hartan bizi zen Lisias, baita jatorri askotako jendea ere. Gudari gazte indartsuak, harresi aurrean jarririk, ausarki borrokatzen ziren. Barruan jaurtigailu eta arma ugari zuten bildua.
28 Baina, bere kemenaz etsaien indarrak desegiten dituen Nagusiari dei egin ondoren, hiriaz jabetu eta barruan zeudenetarik hogeita bost mila inguru hil zituzten.
29 Handik Eszitopolis hiriaren kontra jo zuten; Jerusalemdik ehun eta hamar kilometro ingurura zegoen.
30 Hiri hartan bizi ziren juduek, ordea, jakinarazi zieten oso ongi tratatzen zituztela eszitopolistarrek eta aldi txarretan gizabidez hartu zituztela.