39 Beharrezkoa egin zen gudarien gorpuak biltzea. Horregatik, biharamunean hartu eta arbasoen hobietan lur eman zieten, beraien ahaideekin batera.
40 Baina hildako bakoitzari, jantzien azpian, Jamniako idoloei eskainitako gauzak, legeak juduei debekatuak, aurkitu zizkioten. Horrela ikusi zuten argi zergatik hil ziren gudari haiek.
41 Orduan, gauza ezkutuak agerian jartzen dituen Jauna, epaile zuzena, goretsi egin zuten.
42 Gero, eskari asko egin zioten, egindako bekatu hura zeharo ezaba zezan. Eta bekatutik garbi irauteko eskatu zion Judas prestuak gudarosteari, hildakoei beren bekatuagatik gertatua ikusirik.
43 Gudari bakoitzari eskatuz, zilarrezko bi mila txanpon bidali zituen Jerusalemera, bekatuen barkamenerako oparia eskain zezaten. Egintza on eta bikaina izan zen hura, piztueran pentsatuz egina.
44 Izan ere, hildako gudariak piztuko zirela espero izan ez balu, alferrikakoa eta zentzugabea izango zen hildakoen alde eskatzea.
45 Baina, zintzo hiltzen direnek sari bikaina izanen dutela uste baitzuen, burutapen santu eta ederra izan zen hura. Horregatik agindu zuen hilen aldeko barkamen-oparia eskaintzeko, haiek beren bekatutik libre geldi zitezen.