4 eta hiritar guztiek batera hartutako erabakia zela esanez. Juduek ontzat hartu zuten gonbita, bakean bizi nahi zutelako eta mesfidantzarik ez zutelako. Baina itsas zabalera heltzean, hondoratu egin zituzten. Baziren han gutxienez berrehun lagun.
5 Herrikideei egin zieten ankerkeriaren berri jakitean, bere gizonei aditzera eman zien Judasek.
6 Eta, Jainko epaile zuzenari dei egin ondoren, bere senideen hiltzaileen kontra abiatu zen. Su eman zion gauez portuari, itsasontziak erre eta han babestu zirenak ezpataz hil.
7 Gero, hiriko ateak itxiak zeudela ikusita, alde egin zuen handik, baina berriro etorri eta jendea erabat suntsitzeko asmoa harturik.
8 Bitartean, jakinarazi zioten Judasi Jamnia hirikoek ere bertan bizi ziren juduei antzeko zerbait egin nahi zietela.
9 Orduan, eraso egin zien gauez Jamniakoei eta su eman portuari eta itsasontziei. Sugarrak Jerusalemdik ikusi ziren, berrogeita bosten bat kilometrora.
10 Judasek irtenaldia egin zuen Timoteoren kontra. Kilometro eta erdi ibili zirelarik, arabiar gudari-talde batek eraso zien. Bost mila oinezko ziren gutxienez eta bostehun zaldizko.