16 «Torizu ezpata santu hau; Jainkoaren dohaina duzu eta beronekin hondatuko dituzu etsaiak».
17 Ausardia pizteko eta gazteei adore bizia emateko hain eder ziren Judasen hitz haiek bizkorturik, kanpalekuan gelditu ordez, denak batera erasoari ausarki eta adorez ekitea pentsatu zuten juduek, arazoa erabakitzeko. Izan ere, arriskuan zeuden Jerusalem hiria, erlijioa eta tenplua.
18 Emazte eta seme-alaba, senide eta ahaideei buruz zuten kezka baino handiagoa eta lehenagokoa zen tenplu sakratuari buruz zutena.
19 Bitartean, hirian gelditu zirenen larritasuna ez zen txikiagoa, guda-zelaian borrokan ari zirenez kezkatuak baitzeuden.
20 Zain zeuden denak arazoa zertan bukatuko ote zen. Bitartean, bildu ziren etsaiak eta gudarostea guda-lerrotan jarri. Elefanteak toki egokietan ezarri zituzten eta zalditeria alboetan.
21 Han zeuden gudari-talde, arma-mota desberdin eta elefante haien itxura izugarria ikustean, Makabearrak dei egin zion egintza miresgarriak egiten dituen Jaunari, eskuak zerurantz jasorik. Ongi baitzekien garaipena ez duela armen indarrak ematen, baizik eta Jaunak erabakitzen duela merezi dutenei ematea.
22 Hona Judasen otoitza: «Jauna, Judako errege Ezekiasen garaian zeure aingerua bidali zenuen eta berak Senakeriben gudarosteko ehun eta laurogeita bost mila gizon hilarazi zituen.