5 Nikanorrek, berriz, ihardetsi zien: «Ba, nik, lurreko nagusi naizen honek, armak hartu eta erregearen alde egiteko agintzen dut».Hala ere, ezin izan zuen bere asmo gaiztoa bete.
6 Nikanorrek, bere neurrigabeko handikeriaz harrotua, oroitarri bat eraikitzea erabaki zuen, Judas eta beronen gizonen gain izaniko garaipenaren oroigarri.
7 Makabearrak, aldiz, sendo eusten zion uste onari, Jaunarengandik laguntza izango zuenaren itxaropenez.
8 Eta bere lagunak adoretu zituen, jentilen beldurrik izan ez zezaten, baizik eta, lehen Jaunak eman zien laguntasunaz oroiturik, oraingoan ere garaipena Ahalguztidunak emango ziela itxaron zezaten.
9 Legea eta profetak aipatuz bizkortu zituen. Eta adore handiagoa eman zien, ordu arte izandako borrokak gogoraraziz.
10 Haien ausardia horrela pizturik, berotu egin zituen, jentilak zein desleial ziren eta beren zin-hitzak nola hausten zituzten esanez.
11 Gizon bakoitza armatu zuen, baina babeskiak eta lantzak ematen duten segurtasunaz baino gehiago hitz jatorrek ematen duten konfiantzaz, eta guztiak pozez bete zituen amets sinesgarri bat, ikuskari antzeko bat, kontatuz.