20 Emakume guztiek, eskuak zerurantz jasorik, otoitz egiten zuten.
21 Errukia ematen zuen jendetza hura nahasian ahuspeztua eta apaiz nagusia larri eta nahigabetua ikusteak.
22 Hala ere, tenpluaren babespean gorde zituzten ondasunak osorik eta seguru zaintzeko Jaun ahalguztidunari denak eske ari zitzaizkion bitartean,
23 Heliodoro bere erabakia bete nahian zebilen.
24 Hurbildu zen, beraz, Heliodoro bere zaintzaileekin tenpluko altxortegira. Une hartan, espirituen Jaun eta aginte guztien Nagusiak bere handitasuna agertu zuen. Eta toki hartara sartzeko ausardia izan zutenak, Jainkoaren indarrak izuturik, kemenik eta adorerik gabe gelditu ziren.
25 Izan ere, oso apain txalmatua eta gainean zaldun beldurgarria zeraman zaldia agertu zitzaien. Bizkor oldartuz, zaldiak aurreko besoak jaso zituen Heliodororen aurka. Zaldi gainekoak urrezko bular-oskola zeramala zirudien.
26 Aldi berean, bi gizon gazte agertu zitzaizkion Heliodorori; oso indartsuak eta ederrak ziren, soineko bikainez jantziak. Alde banatan jarririk, zigorkatu egin zuten etengabe, astin-astin egina utzi arte.